Naiz.info
Andoain

Egitasmo herrikoi batek osatu du aurtengo Kilometroetako kantua

Andoaingo Denona herritar taldeak sortu du Kilometroetako kantua, ikastolen mugimenduaren sorreraren filosofia oinarri hartuta: auzolana.

Kantua eta bideoklipa aurkezteko eman duten prentsaurrekoaren irudia. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Kantua eta bideoklipa aurkezteko eman duten prentsaurrekoaren irudia. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Txiki izan ziren ikastolak bere sorreran duela hamarkada batzuk, eta bere txikitasunetik hedatzen joan den mugimendua izan da. Txikitasun berberetik euskaltzale ororengana zabaldu nahi du Denona taldeak aurtengo Kilometroetako kantua (urriak 7, Andoain).

Andoaingo eragile ezberdinek osatutako taldea da Denona, eta auzolana eta elkarlana izan ditu oinarri kantua sortzerako orduan.

Hasiera batean, zortzi lagunek osatu zuten taldea, eta kantuaren sorreran eta egituraketan aritu ziren lanean. Hau ez da ordea pertsona zehatz eta jakin batzuek egindako lana; denbora aurrera joan ahala zabaltzen joan den egitasmoa izan da. Gauzak horrela, grabaziorako, herriko musikari eta kantarien parte hartzea baliatu dute eta, hala, Denona taldea handituz joan da.

Ikastolarekin lotura zuzena izan duten belaunaldi ezberdinetako lagunen zubi bilakatu da abestia era berean, eta iraganeko, egungo eta etorkizuneko irudien lotune izan da. 90eko Kilometroetako kantuaren sortzaileetako izan zen Joxe Mari Oiartzabal konpositore eta musikaria; Ikastolako ikasle izandako eta egun guraso den Ixiar Oreja kantaria; eta etorkizunaren sinbolo diren egungo ikasleak (Andoaingo Musika Eskolako haurrak edo Garazi Jauregi gaztea kasu) elkarlanean aritu dira.

Parte hartzaileen jatorri anitza aintzat hartuta (elkarlanean aritu direnen artean daude Mikel Moreno, Kautako kantaria; Iñigo Garrido, Rko kidea; Pirritx eta Porrotx pailazoak…), kantuaren izaera ere aniztasun horren baitan osatu da. Hala, ska erritmoak eta salsa ukituak biltzen ditu, beste askoren artean.

Kantuarekin batera, Kilometroei begira sortu duten bideoklipa ere aurkeztu dute. Herriko hainbat pertsonen parte hartzea izan du ekimenak, eremu ezberdinetako jendea iniziatibaren inguruan batuz.

Abestia eta bideoklipa gaur gauean aurkeztuko dituzte Andoainen 22.30ean egingo duten zuzeneko kontzertuan.