Naiz.info
Itsasu

Borroka ez dela «inoiz amaitzen» nabarmendu dute Segi gazte erakundearen azken ekitaldian

400 bat gaztek parte hartu dute Itsasun burutu duten azken ekitaldi nazionalean. Gazte mugimenduaren eta Segiren ibilbidearen errepasoa egin ondoren, antolatzen eta borrokatzen jarraituko dutela azpimarratu dute.

Ehunka gazte batu dira Itsasun. (Bob EDME)
Ehunka gazte batu dira Itsasun. (Bob EDME)

Ekainaren 15ean iragarri bezala, Segi gazte erakundeak ekitaldi nazional batekin eman dio amaiera bere ibilbideari. Lapurdiko Itsasu herrian burutu dute azken ekitaldia eta Euskal Herriko osoko 400 bat gaztek parte hartu dute.

10 urteko ibilbideari agur esateko deitutako ekimena zen eta giro beroa eta berezia sumatu da ekitaldi osoan zehar.

Oholtzaren atzean «zirkuluaren antzekoa da borroka, edozin puntutan hasi daiteke, baina ez da inoiz amaitzen» esaldia irakur zitekeen.

Bertsolariek eman diote hasiera ekitaldiari eta gaur egun espetxean dagoen Aitziber Plazaolaren hitzak entzun ahal izan dira. Plazaola 2011an Izpuran euroaginduaren kontrako itxialdia burutu zuten gazte independentistako bat izan zen.

Gazte mugimenduaren ibilbidearen errepasoa, Haika erakundea sortu arte, egiten zuen bideo bat jarri dute eta ondoren Haritza Galarragak hartu du hitza. Jarrairen sorrera, intsumisioaren aldeko mugimendua, Etxarri eta Zaldibiako topaguneak ekarri ditu gogora Galarragak.

Segiren 10 urteko ibilbidearen errepasoa egiten zuen beste bideo bat jarri dute eta Amaia Elixiri bozeramaileak hartu du hitza bukatzeko.

Euskal preso politikoak, errepresioa pairatu duten gazteak eta gazte mugimenduan parte hartu duten ehunka gazteak aipatu ditu hitzartzean eta txalo zaparradekin erantzun diote.

Segi erakundea tresna gisa agortua dagoelako erabaki dutela agur esatea azaldu du, baina oraindik aurrera ere borrokatu eta antolatzeko asmoa dutela azpimarratu du.

Eusko gudariak abestuz eman diote amaiera ekitaldiari.