Sakonean
UEU-ren 40. urteurrena

Aurten 40 urte bete ditu Udako Euskal Unibertsitateak, udaz uda euskara eta jakintza lotuz. Lau hamarkada luze Donibane Lohizuneko hastapenetatik gaur egungo erronketara, helburu nagusia inoiz ahaztu gabe: Euskal Unibertsitatea.

Beñat Zaldua|IRUÑEA|2012/07/12 10:10
002
1973an Donibane Lohizunen ospatutako lehen ikastaroen argazkia (UEU)
UEUren helburu nagusia euskara hizkuntza nagusi bezala izanen duen unibertsitatea eraikitzea da.

Udako Euskal Unibertsitatearen historia euskararen historia hurbilarekin banaezina da. 1970 eta 1972 artean Baionako Euskal Erakustokiak Euskal Aste arrakastatsuak bultzatu zituen. Azken urte hartan, Karlos Santamariak hartu zuen hitza euskal unibertsitatearen beharra sutsuki defendatuz. Oinarria prest zegoen jada urte bat beranduago, 1973an, Donibane Lohizunen UEUk lehenengo urratsak emateko. Jean Haritxelar, Piarres Xarriton eta Manex Goienetxek –Euskaldunen Biltzarra, Ikas eta Fededunak elkarteen laguntzarekin–, bultzatu zuten lehen jardunaldi hura Ravel lizeoan, Euskaltzaindiaren babespean.

Eboluzioa ez da txikia izan lehen urte hartatik. Aurtengo 40. urteurrena dela-eta egindako ekitaldi batean, Haritxelarrek gogoratu zuen «ikasle gehienak Hego Euskal Herrikoak» zirela: «Nabarmena zen ikastaro horien egarri eta gose zirela». Hala gauzak, lehenengo urteetan Donibane Lohizunen eta Uztaritzen kokatua egon ostean, 1977an UEUk Hegoaldera eman zuen pausua, Iruñera, helburua aldatu gabe: unibertsitatearen eta jakintzaren mundua euskararekin lotzea.

Izan ere, hori baitzen helburu nagusia. UEUko zuzendaria den Karmele Artetxek «70eko hamarkadan euskara eta jakintza erabat aldenduta» zeudela azaldu du. «Are gehiago, ez zuen ematen euskara kultur hizkuntza izan zitekeenik» gehitu du Artetxek. Egitekoak oraindik asko diren arren, euskararen egoera hobetu eta jakintzarekin duen harremana estutu dela ukaezina da, UEU bezalako ekimenei esker neurri handi batean.

Urte luze hauetan zehar, UEUk ekarpen handiak egin ditu euskal unibertsitatearen arloan, arloz arlo hizkuntza eta hiztegi berezituak garatuz. Era berean, euskal irakaslegoaren hezkuntzan paper garrantzitsua jorratu du, euskaraz irakasteko hamaika baliabide eskainiz.

Baina UEUk egoera ekonomiko latz orokorra ere pairatzen du, irudiz euskara eta jakintza elkarrekin ikusi nahi ez dituen Gobernu batek larritua. Aurten, abisurik gabe eta urte batetik bestera, Lakuak diru laguntza guztia kendu dio UEUri. Antolatzaileek behin eta berriz azpimarratu dutenez, bazkide eta babesleen laguntzak eta auzolanak ahalbidetu du 40 ikastaro berrien eskaintza, hala nola, urte osoan zehar aurrera daramaten graduondoko eta ekimen guztiak mantentzea.

Izan ere, UEUri hasieratik lotuta dagoen Joxerra Etxebarriak esaten duenez: «Helburuak lortu ahal izateko, garrantzitsuena bizirik irautea da». Eta Udako Euskal Unibertsitateak helburua izen berean dauka, azken bi hitzetan, Etxebarriak dioenez: «Lehen hitza galdu eta Euskal Unibertsitatea eraikitzea, euskara hizkuntza nagusi bezala izango duen unibertsitatea».

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK
LOTURAK