Amets TXURRUKA

(H)Azur-Mendi

Amets Txurruka Euskaltel Euskadi taldeko txirrindulariak GARA egunkariko orrialdeetan idatzitako komentarioa.

Iritsi dira Alpeak. Tour hau zehazten hasi bada ere, lehen azterketa garrantzitsua mendi hauetan pasako dute txirrindulariek. Titulu nahasi xamarra jarri dut gaur, baina nire egoera ere halakoa delako izan da. Tourrean protagonismoa mendiak hartu duen une berean, niretzako garrantzitsuena apurtuta dudan hezurra da. Eta kasualitatea, etapa honen bukaera aldera ospitalean izango naiz ebakuntzaren zain (horregatik idazten dut aurrez). Ebakuntza egingo didan medikua bizkaitarra da, eta, dakizuen modura, Bizkaian «hezurra», «hazurra» esaten dugu; bada, kasualitatez, beronen abizena AZURMENDI da. Hitz jokoa, beraz, nahi gabe ateratzen da; arreta gune Tourrean mendia eta etxean «hazurra» diren honetan, Azurmendi jaunarekin egongo naiz ebakuntza gelan.

Jada zenbat aldiz apurtu dudan lepauztaia? Kontua ere galduta dut dagoeneko ia-ia, baina, gehienoi arraroa egingo bazaizue ere, lehen aldia izango da ebakuntza egingo didatena. Nik errespetu apur bat badiot ebakuntzari, baina medikuak garrantzia kendu nahi izan dio, operazio erraza dela eta lepauztaia gerora hobeto geratuko zaidala esanaz. Hori bai, Azurmendik operatutako hezur guztiak pilo batean jarriz gero mendi bat osa liteke...

Beno bada, lehen aste hau pasata eta erlojupekoan Sky taldeak erakutsitako nagusitasuna ikusita, gainerako taldeak erasorako prest izatea eta datozen egunotan etapa ederrekin gozatzea espero dut. Izan ere, zaletuek besaulkian jarrita etapok gustura asko ikusi ahal izatea eta neronek ere arrabola eginaz errekuperazio sesio horren astunak ez izatea nahiko nuke. Besterik gabe, etzira arte!