NAIZ.INFO
DONOSTIA

Elebidun kopuruak gora egin du duela 20 urtetik baina gutxiago erabiltzen dute euskara

V. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, elebitasunak gora egin du Euskal Herrian eta 1991n baino 185.600 elebidun gehiago zenbatu dira. 35 urtetik beherakoen artean euskara erabiltzen dutenak duela hogei urte baino gehiago dira, baina gizarte osoa kontuan hartuta, elebidun kopuruak gora egin duen arren, gutxiago erabiltzen dute euskara.

Andoni Sagarna, Frantxua Maitia, Maximino Gomez, Lurdes Auzmendi eta Ivan Igartua. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Andoni Sagarna, Frantxua Maitia, Maximino Gomez, Lurdes Auzmendi eta Ivan Igartua. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

EAEko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko erakundeetako ordezkariek V. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak eman dituzte gaur ezagutzera. Lourdes Auzmendi Lakuako Gobernuko Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta HIzkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendari Ivan Igartua; Euskarabideko gerente Maximino Gomez, Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari Frantxua Maitia eta Euskaltzaindiako Iker sailburu Andoni Sagarna agertu dira komunikabideen aurrean.

Azaldu dutenez, biztanleria osoa kontuan hartuta, Euskal Herrian gora egin du elebidunen kopuruak. Hazkundea Nafarroan eta, batez ere, EAEn gertatu da. Ipar Euskal Herrian, aldiz, oraindik ere galerak daude, baina gazte elebidunen kopurua hasi da gora egiten.

Euskararen ezagutzak ez ezik, erabilerak ere gora egin du, inkestaren arabera, baina batez ere «eremu formaletan». Auzmendik zehaztu duenez, gazteen artean gero eta nabarmenagoa da euskararen erabileran gertatzen ari den hazkundea. Hala, 35 urtetik beherakoen artean euskara erabiltzen dutenak duela hogei urte baino gehiago dira, batez ere Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban.

Elebidunen erabilerari erreparatuz gero, ordea, elebidun kopurua hazi egin den arren, euskararen erabilera 1991n baino txikiagoa da gaur egun. «Gizartean, oro har, nabarmen hazi da euskararen erabilera, baina gaur elebidun direnek ez dute 1991n elebidun zirenek baino gehiago erabiltzen euskara», azaldu du.

Nolanahi ere, 2001etik aurrera joera aldatu dela esan du eta gaur egun gazte elebidunek duela hamar urte bano gehiago erabiltzen dute euskara EAEn eta Ipar Euskal Herrian, baina ez Nafarroan.

Datuak osotasunean hartuta, elebitasuna Hego Euskal Herrian gora doala baieztatu du inkestak, «EAEn indartsu eta Nafarroan apalago, baina etengabe». Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, aldiz, «galerak daude oraindik», nahiz eta gazteen artean elebidunen ehunekoa eta kopurua hazi egin diren.

Inkesta soziolinguistikoak euskararen lurraldeetako 16 urtetik gorako biztanleak hartzen ditu kontuan, 2.650.000 pertsona gutxi gora behera. V. edizio honetan 7.800 inkesta egin dira: 4.100 EAEn, 2.000 Ipar Euskal Herrian eta 1.700 Nafarroan.