Naiz.info
Donostia

Iaz baino zaletu gehiago bildu da aurten Donostiako Jazzaldian

Donostiako Jazzaldiak 122.000 zaletu izan ditu aurtengo edizioan, iaz baino %6 gehiago.

Nerea Txapartegi Kultura zinegotzia, Juan Karlos Izagirre alkatea eta Miguel Martin Jazzaldiko zuzendaria, gaur. (ARGAZKI PRESS)
Nerea Txapartegi Kultura zinegotzia, Juan Karlos Izagirre alkatea eta Miguel Martin Jazzaldiko zuzendaria, gaur. (ARGAZKI PRESS)

Bart gauean azken kontzertuekin itxi zuen Donostiako Jazzaldiak bere 47. edizioa eta gaurkoan jaialdiaren balorazioa egin du antolakuntzak. Aurtengo Jazzaldiak «zapore gozoa» utzi duela adierazi dute, entzuleak ugaritu egin direlako, kontzertuen maila artistikoa handia izan delako eta komunikabideetan kritika onak jaso dituztelako.

Guztira 122.000 ikus-entzule izan dira aurten Jazzaldian, iaz baino %6 gehiago (115.000 izan ziren 2011n).

Kritikoek, nazioartekoek bereziki –AEB, Estatu frantessa, Italia, Britainia Handia, Alemania, Serbia, Kroazia eta Norvegiako komunikabideak izan dira jaialdian–, «jaialdiak jazzaren korronte berritzaileenen (The Thing, Terje Rypdal, Peter Evans, Mari Kvien Brunvoll, Lighthouse eta Enrico Rava) alde egiten duen apustua» balioetsi dutela azpimarratu dute antolakuntzatik.

Euskal jazzak «emaitza paregabea» eman duela ere nabarmendu dute, musikari euskaldunak goi mailan ari direla erakutsiz. 30 taldetik gora aritu dira, horietariko asko agertoki garrantzitsuetan. Adibide gisa jarri dute Hasier Oleagaren kontzertua, Trinitate Plazan.

«Antonyk eskainitako kontzertuaren arrakastaren zati ere orkestra euskaldun bati zor zaio, Et Incarnatus-i, hain zuzen ere», esan dute.

Jaialdiaren emaitza «borobila» izan da, beraz, Jazzaldiarentzat.