Gotzon Aranburu
ARROKIAGA

‘Mendiague’ pastorala

Uztailaren 29an eta abuztuaren 5ean eskainiko da aurtengo pastorala Arrokiagan. ‘Amerikan euskaldunak. Jose Mendiague’ du izenburu eta Jean Bordaxar kantariak idatzi du. Herri osoak parte hartuko du pastoralean, zuzenean oholtza gainean, musika jotzen edo beste zeregin batzuetan. 3.500 ikusle espero dituzte.

Arrokiagako herritarrak, pastoralaren entseguan. (Gotzon ARANBURU)
Arrokiagako herritarrak, pastoralaren entseguan. (Gotzon ARANBURU)

Igande arratsaldeko bazkalondoa, Arrokiaga herrian, Zuberoan. Gaurkoan ez dago ohiko lasaitasuna mendi arte honetan; alderantziz, autoek errepide ertza betetzen dute eta musika soinua dator zelai batetik. Zer da? Bada ‘José Mendiague’ pastorala entseatzen ari direla arrokiagarrak.

Uztailaren 29an eta abuztuaren 5ean eskainiko da aurtengo pastorala, Zuberoako txoko honetan, Mauletik ez urrun. 3.500 ikuslerentzat jarlekuak jarrita daude dagoeneko zelaian, aldapan gora, eta ikusmira paregabea dastatzen da hemendik. Ez bakarrik antzezlanaren oholtza; inguruko mendiak, basoak, zelaiak eta Arrokiaga herria bera ere ederki ikusten dira.

Entsegu orokorra izanik, ehun bat ikusle bildu dira, gehienak herrikoak edo antzerkilarien lagunak, jarlekuetan han eta hemen eserita. Hiru orduko ikuskizuna izango da ‘Jose Mendiague’ pastorala, eta eszena guztiak egiten ari dira gaur, musika eta guzti, akatsen bat baldin badago garaiz konpondu ahal izateko. Mugimendu handia dago. Arropa aldaketak azkar eta zehatz egiten dituzte, testuak behin eta berriro errepasatzen oholtzara igo aurretik… Parte-hartzaile batzuk lasaiago daude eta beste batzuk, urduriago. Elkarren arteko txantxak ez dira falta. Zubereraz mintzo dira asko, baina frantsesez ere bai zenbait.

Oholtzara igo direnen artean, adin guztietako jendea dago. Bai 5 urteko umeak baita 60 beteak dituztenak ere. Denek arropa ederrak daramatzate, luxuzkoak ere bai batek baino gehiagok. Afitxa handi batzuetan idatzita dago jelkaldi bakoitzean nork hartu behar duen parte. Ikusleen artean badira aitona txapeldunak, eta bai ‘USA team’ dioten kamisetak jantzitako nerabeak ere.

Pastoralaren izen osoa ‘Amerikan euskaldunak. Jose Mendiague’ da, eta Jean Bordaxar kantariak idatzi du. Idatzi bakarrik ez, bere ahots apartaz abestu ere egiten du emanaldian zehar. Pastoralean herri osoak hartuko duela parte esan digu, bai zuzenean taulan (92 aktore-abeslari-dantzari), bai musika jotzen (16 lagun), bai denda atenditzen edota ikusleei laguntzen (105 lagun).

Entseguan barrena abestiren bat gazteleraz entzun dugu. Nolatan? Jose Mendiage nor zen eta zer bizitza izan zuen jakiteak lagunduko digu bitxikeria hori ulertzen. 1845ean jaio zen Alduden, han baitzen aduanetako guarda bere aita, François Mendiage ziburutarra. Ama berriz Aiherrakoa zuen, Catherine Larregain. Oso umea zelarik joan zen familia Hazparnera bizitzera, eta hazpandartzat izan zuen beti bere burua Josek. Hemezortzi urterekin Hego Amerikarako bidea hartu behar izan zuen Josek, aurretik beste bi anaia zaharragok egin bezala, hemengo egoera ekonomikoak eta politikoak bultzatuta. Handik aurrera bizitako mila pasadizo, farre eta negar kontatzen ditu aurtengo pastoralak.