NAIZ.INFO
DONOSTIA

Gipuzkoako Aldundiak «burujabetza ekonomikoa» aldarrikatu du Estatuak ezarritako neurri fiskalen aurrean

Estatu espainiarrak ezarritako neurri fiskalen aurrean burujabetza ekonomikoa eskatu du Gipuzkoako Aldundiak. «Soilik burujabetza ekonomikoa lortuta erabaki ahal izango da Euskal Herriko interesen aldeko sistema fiskal bat», adierazi du.

«Legeak hala behartuta onartu du» Gipuzkoako Aldundiak BEZ zerga igotzeko foru dekretu-araua, Rajoyren Gobernuak uztailean onartutakoa, eta «neurriarekiko desadostasuna agerian» utzi nahi izan du ohar baten bitartez.

«Egungo egoera gainditzeko, aurrera egin beharra dago herri honen burujabetza ekonomikoa berreskuratzen», Gipuzkoako Aldundiaren arabera. Esan dutenez, asteartean Diputatuen Kontseiluak legeak behartuta hartutako neurriarekin bat ez datorrela argi utzi du Aldundiak dekretuan bertan.

Hitzez hitz, hala dio: «Foru Aldundi hau ados egon ez arren, uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuan sartu diren aipatu aldaketak Gipuzkoako zerga araudira ekartzen dira, legeak hala behartuta».

Aldundiaren iritziz, krisi ekonomiko betean «ez da egokia ez komenigarria» zeharkako zergak handitzea. Neurriaren izaera erregresiboa dela eta, zergadun guztiei tratu bera eskaintzen die, modu berean, haien egoera ekonomikoa kontuan hartu gabe.

Zentzu horretan, «horrek guztiak baliabide gutxien dituzten pertsonak eta familiak kaltetzen ditu, diru-sarrera gehiago bideratu behar baitituzte zergak ordaintzeko» gaineratu dute Aldunditik.