Naiz.info
Ancares

Joaquim Rodriguezek eskuratu du etapa eta lider jarraitzen du

Joaquim Rodriguezek eskuratu du Vueltako 14. etapa Alberto Contadorrekin lehia estua izan ondoren. Kataluniarrak jarraitzen du lider sailkapen nagusian.

Rodriguez, Vueltako liderra, Ancareseko helmugan. (Jaime REINA/AFP)
Rodriguez, Vueltako liderra, Ancareseko helmugan. (Jaime REINA/AFP)

Amaiera estua eta bizia izan du gaur Vueltako 14. etapak. Ancaresko portuan amaitzen zen ibilbideak pelotoiko faboritoen indarrak neurtzeko balio izan du.

Chris Froome, Alejandro Valverde, Alberto Contador, Robert Gesink eta Joaquim Rodriguez izan dira protagonista nagusiak, baina liderrak bere nagusitasuna mantendu eta maila onean dagoela erakutsi du.

Azken igoeran Valverde eta Contador Rodriguez atzean uzten saiatu dira. Madrildarrak eraso gogorra bota du helmugarako bi kilometro falta zirela eta lidergoa eskuratzeko bidean egon zitekeela zirudien arren, Rodriguezek atzetik erreakzionatu eta azken kilometroan berarekin bat egitea lortu du.

Are gehiago, azken metroetan erritmoa aldatu du kataluniarrak eta, etapa garaipena ez ezik, Contadorrekiko segundo batzuetako aldea handitzea lortu du.

Vueltari buruzko informazio osoa NAIZen web berezian.