NAIZ.INFO
BOLA DEL MUNDO

Aski sufrituta baina Alberto Contadorrentzat izango da Vuelta

Denis Menchov (Kat) izan da Bola del Mundon amaitu den etapan irabazle. Alberto Contadorrek denbora galdu du Joaquim Rodriguez kataluniarrarekiko baina berea izango da Vuelta. Itxura ona eman dute Sicard (5) eta Anton (14) euskal herritarrek. [Webgune BEREZIA]

Ederki sufrituta lortuko du aurtengo Vuelta Alberto Contadorrek. Jaime REINA /AFP PHOTO
Ederki sufrituta lortuko du aurtengo Vuelta Alberto Contadorrek. Jaime REINA /AFP PHOTO

Espainiako Vueltak eman beharrekoa eman du, okerrik ezean, eta Alberto Contadorrentzat izango da sailkapen nagusiko garaipena, gaur majo sufritu duen arren. Denis Menchov izan da lehena etapan Romain Sicard hazpandarrak (5. azkenean) ere parte hartu duen eguneko ihesaldian alde egin ostean. Richie Porte izan da bigarren.

Bola del Mundoko etapak azken asteko neke eta ahuleziak erakutsi ditu, baina baita nekerik antzematen ez zaion Joaquim Rodriguezen erakustaldia ere. Etaparen zatirik malkartsuenean indartsuena dela erakutsi du, berriz, eta Contador eta Valverde atzean utzi ditu ezinean.

Sailkapen nagusian bigarren postura iritsiko zela ere bazirudien, baina Alejandro Valverdek ondo eutsi dio eta 25 segundo baizik ez dizkio atera. Contador liderra berriz makalago agertu da gaur (46 segundo galdu ditu ‘Purito’-rekiko) baina aurrez zuen aldearekin bihar Madrilen jertse gorriarekin eskuak altxata ikusiko dugu, oker handirik ezean.

Denboraldiaren luzea erakusten duen irudia Christopher Froomek utzi digu, oina jarri du helmugara iritsi orduko.

Euskaldunak

Euskal txirrindularien presentzia gaur oso txukuna izan da. Romain Sicard lapurtarra eguneko ihesaldian izan da. Hala ere, Euskaltel Euskadin Igor Antonengan zen gaur konfiantza eta erruz lan egin du taldeak ihesaldia harrapatzeko, azkenean ez batak eta ez besteak.

Antonek eraso kolpea jo eta aurrera egin du, izen nagusiak atzean utziz, baina ez da erritmoari eusteko gai izan. Beñat Intxaustik ere eraso kolpea jo du baina Contador, Valverde, Rodriguez eta konpainia zituen berarekin eta alferrik izan da. Gorka Verdugok ere ia bukaera arte onenekin eutsi dio.

Sailkapen nagusian Igor Anton 9. dago orain, Beñat Intxausti, 10. eta Gorka Verdugo 11. Madrilen egingo dituzte, ohiko legez, azken kilometroak igande arratsaldez.