NAIZ.INFO
ANKARA

67 kazetari kurduren aurkako epaiketa hasi du Turkiak

KCKren bitartez PKK-ko kide edo laguntzaile izatea egotzita, 67 kazetari kurduren kontrako epaiketari hasiera eman dio gaur Turkiak. Horietako 44 izan dira epailearen aurrean.

Kazetari eta herritarren babesa jaso dute auzipetuek. Bulent KILIC / AFP PHOTO
Kazetari eta herritarren babesa jaso dute auzipetuek. Bulent KILIC / AFP PHOTO

Fiskaltzak zazpi eta hogei urte bitarteko espetxe zigorrak eskatzen ditu gaur epaitzen hasi diren 67 kazetari kurduentzat. Kurdistango Komunitateen Batasuneko –KCK– kide edo laguntzaile izatea egozten diete, Ankarako Gobernuak defendatzen baitu erakunde horren atzean PKK dagoela.

Kazetarien aurka aurkeztutako frogen artean, beren etxeetatik hartutako liburuak edota kurduen aldeko manifestazioetan egon zirela erakusten duen materiala dago. Kazetariak izaki, manifestazioen inguruan idatzi ahal izateko gerturatu ziren mobilizazioetara.

Gaurko saioan, inputatuetako 44 pasa dira epailearen aurretik. Saioaren hasiera zenbait ordu atzeratu egin da, preso dauden kazetarien senideen agurrak eragindako iskanbilagatik. Behin epaiketari hasiera eman zaionean, epaileak ez ditu kurdueraz eginiko deklarazioak entzun nahi izan. Akusatu gehienen ama hizkuntza da kurduera.

«Norbere ama hizkuntza erabiltzea arnastea bezalakoa da. Arnasteko baimenik eskatu behar al da?», galdetu du Yuksel Genc akusatuak, turkieraz irakurritako deklarazioan.

Azken urteotan, biderkatu egin dira kazetari, politikari edota ekintzaile kurduen aurkako polizia operazio eta espetxeratzeak.

BDP alderdi kurduko parlamentari den Ertugrul Kurkcuk esan duenez, gaurkoa ere «epaiketa politikoa da». «KCKren banderapean egiten diren epaiketa guztiak kurduen borroka politikoaren bizkarrezurra hausteko saiakerak» direla salatu du, nabarmenduz Turkiako sistema judiziala «gerrako arma» gisa erabiltzen dela.