NAIZ.INFO
DONOSTIA

Greba dela-eta programazioa aldatu du Zinemaldiak

Irailaren 26rako deituta dagoen greba dela-eta, Zinemaldiaren antolakuntzak ohiko zinema-aretoetako programazioa bertan behera uztea erabaki du, Kursaalekoa izan ezik.

Zinemaldiak jakinarazi duenez, irailaren 26rako deituta dagoen greba dela-eta «egoeraren konplexutasuna» aintzat hartuta, zinema-aretoetako programazioa bertan behera uztea erabaki du, Kursaal auditoriumekoa eta K2 aretokoa izan ezik. Areto horietan, sail guztietan lehiaketara aurkezten diren filmak emango dira eta kendu ezin daitezkeen edo eguna aldatzerik ez dagoen ekitaldiak bakarrik antolatuko dira.

Gainera, bertan behera geratuko dira Kursaal jauregitik kanpo aurreikusitako jarduera guztiak eta eraikin horretaz kanpoko instalazio eta zerbitzu guztiak itxita egongo dira.

Antolakuntzak ohar batean zabaldu duenez, errespetatu egiten du langileek greba egiteko edo lan egiteko erabakia. Egungo «egoera ekonomiko zailaren aurrean» elkartasuna helarazi die «lanposturik ez duten herritar guztiei» eta bat egin du «egoera zaila bizi duten pertsona guztiekin».