Naiz.info
Madril

Murrizketen aurkako manifestazioa Madrilen

CCOO eta UGT sindikatuek eta beste 150 eragile sozialek antolatu dute Espainiako Gobernua burutzen ari den murrizketen kontrako manifestazioa. Milaka lagunek hartu dute parte mobilizazioan eta murrizketei buruzko erreferenduma egiteko eskatu diote Mariano Raxoiri.

Milaka lagun batu dira Madrilen. (Pedro ARMESTRE / AFP)
Milaka lagun batu dira Madrilen. (Pedro ARMESTRE / AFP)

«Herrialdea porrotera eraman nahi dute; ekidin egin behar dugu» izan da mobilizazioaren leloa. Goizeko 10.00etan zortxi martxa abiatu dira Madrigo toki ezberdinetatik eta eguerdian Kolon plazan egin dute ekitaldia.

Milaka lagun bildu dira UGT eta CCOO sindikatuek beste 150 gizarte eragilerekin batera deitu duten manifestazioan.

Antolatzaileek azaldu dutenez, 2.000 autobus heldu dira Estatu espainiarreko toki ezberdinetatik eta miloi erdi pertsonak bat egin dutela manifestazioarekin zabaldu dute.

Bukaerako ekitaldian CCOO eta UGT sindikatuko ordezkariek murrizketei buruzko erreferendum bat egiteko eskatu diote Espainiako Gobernuari.

Manifestazioaren inguruetan lau lagun ere atxilotu dituzte. Poliziak eta agentzia nagusiek identifikatzeari uko egiteagatik atzeman dituztela adierazi duten arren, hainbat lekuko eta komunikabidek azaldu dute irailaren 25ean Kongresua okupatzeko deia egiten zuen pankarta bat eramateagatik jazo dela gertakaria [Atxiloketaren bideoa, hemen]. Ordu batzuren buruan, aske utzi dituzte.

Bestalde, mobilizazioa bukatu ondoren, ehunka lagun PPren egoitza nagusira gerturatu dira protesta egitera. Polizia ugari egon da, baina ez da istilu nabarmenik izan.