NAIZ.INFO
BAIONA

Baionako portuko langile bat hil da lan istripu baten ondorioz

Baionako portuko 53 urteko garabi gidari bat hil zen pasa den ostegunean. Gaur egin du publiko bere salaketa CGT sindikatuak eta lan ikuskaritzan lan erritmo handien berri eman arren, inork ez duela ezer egin salatu du.

Pasa den ostegunean 53 urteko garabi gidari bat hil zen Baionako portuan. CGT sindikatuak salatu du heriotza. Aurrez, lan ikuskaritzan «enpresak inposatzen dituen lan erritmo azkarrek» istripuak gertatzeko aukera areagotzen dituela esana zutela adierazi dute, baina «nehork ez du ezer egin», CGTren arabera.

Olivier Bartheu garabi gidaria da Baionako portuan eta CGTren ordezkaria Merkataritza eta Industria Ganberan. Sud Ouest egunkarian salatu du lankidearen heriotza. Sotramab enpresarentzat lan egiten zuen hildako langileak, urte luzez enpresako zuzendaritzak «deabruarekin jolastu» duela salatu du Bartheuk eta langileek gerta zitekeena iragarri arren ez dutela ezer egin lan baldintzak hobetzeko.

‘Carlolin G’ izeneko ontzian ari zen langilea lanean istripua gertatu zenean, antza 8 tonako zamak harrapatuta hil zen 53 urteko gizonezkoa.

Batzorde berezia

Ostegunean gertakaria aztertzeko batzordea deitu du enpresaren zuzendaritzak eta bertan izango dira langileen ordezkariak ere. Lan istripuaren arrazoiak aztertuko dituzte eta bestelako segurtasun neurririk behar ote den ere bai. Jendarmeriak eta lan ikuskaritzak ere abiatu dituzte inkesta bana istripuaren nondik norakoak ezagutzeko.