NAIZ.INFO
BILBO

«Hustutako espazioak betetzen» jarraitzeko deia Kukutzaren eraistearen urteurrenean

Gaurko egunez, orain urtebete, hustu eta eraitsi zuten Kukutza III Bilboko Errekalde auzoko proiektua. 18.30ean udaletxe aurrean deitu dute protesta asanbladatik eta 80 pertsona inguru, oraindik, epaiketa zai daudela salatu dute. Kukutzan urtetan landutako eredua goraipatu dute.

Kukutza zegoen lekuan dagoen orube hutsa. Jon HERNAEZ / ARGAZKI PRESS
Kukutza zegoen lekuan dagoen orube hutsa. Jon HERNAEZ / ARGAZKI PRESS

Gaurko egunez, orain urtebete, hustu eta eraitsi zuten Bilboko Errekalde auzoko Kukutza eta proiektu autogestionatu horretan landutako eredua aldarrikatzeko, eraistea salatzeko eta 80 lagun epaiketa zain daudela gizarteratzeko kontzentrazioa izango da gaur arratsaldean (18.30) udaletxe aurrean; 20.30ean poteoa egingo dute Fabe de Fuka taldearekin.

«Hemen ez dira itsasontziak desagertzen, desagertarazi egiten dituzte», diote Kukutzako asanbladakoek urteurrena gogoratzeko oharrean. Eraistearen ondorioz 80tik gora auzipetu, ehunka zauritu eta dendariek jasandako kalte materialak gogoratu dituzte.

Asanbladaren arabera gertakari haien erantzuleak «PSOE eta Rodolfo Aresen erabaki okerrak», PP eta hirian Iñaki Azkuna buru duen EAJ direla salatu dute. Hamahiru urtean lortutako «ametsa ezerezean» utzi nahi izan zutela salatu dute eta Kukutzak erakutsi zuela «autoenplegua, asanblearismoa eta talde borroka aukera zuzen bat izan daitezkeela etengabeko krisian murgilduta dagoen sistema honentzat».

Epaiketak muntaia

Eraiste eguneko istiluen ondorioz izandako, eta izango diren, epaiketak ere gogoratu eta salatu dituzte oharrean Kukutzako asanbladakoek. Hamburgoko bi pertsonen aurkako epaiketa izan zen lehena eta absolbitu egin zituzten, azkenean. Kukutzakoen ustez «muntai poliziala» besterik ez dira epaiketa horiek eta deia ere bai: «nahikoa da basakeria poliziala eta gezurrekin aritzea».

Okupazioaren eta autogestioaren bidetik aurrera jarraitzeko deia egin dute.