Maider Iantzi
DONOSTIA

Euskarari bihotza irekitzera animatu dute mintzalagunek

Euskaldunon mundura hurbildu direnei eta hurbilduko direnei maitasun adierazpena egitea du helburu aurtengo mintzalagun egitasmoen kanpainak. Gaur egun 5.000 lagun ari dira programa hauetan parte hartzen, 65 herri eta eskualdetan.

Euskaldunon mundura hurbildu direnei eta hurbilduko direnei maitasun adierazpena egitea du helburu aurtengo mintzalagun egitasmoen kanpainak. Topaguneko zuzendariak, Jasone Mendizabalek, eta egitasmo hauetako arduradunak, Arrate Illarok, gaur goizeko aurkezpenean azaldu dutenez, euskaldunok elkarrekin egoteko eta komunikatzeko sortutako elkarguneak dira mintzapraktikak; maitasunetik sortutako espazioak, hizkuntzarekiko maitasunetik. «Gune horietan esker ona da nagusi. Euskaraz bizitzeko ahalegina egitea erabaki dutenek euskaldunon komunitatean bidelagun direnekiko esker ona dute; eta euskaraz bizi garenok, gurekin batera bizitzeko hautua egin dutenekiko esker ona».

Gaur egun 5.000 lagun ari dira programa hauetan parte hartzen, 65 herri eta eskualdetan. Astean ordubetez, aisialdian euskaraz aritzen dira laupabost laguneko taldetan, kafe baten bueltan, paseo bat emanez edo beste edozein ekintza eginez. Pil-pilean euskara elkarteko Arrate Gisasola kanpaina egiten ari diren gainontzeko elkarteen ordezkari gisa mintzatu da eta iaz Soraluzen hasitako sustapen lanari esker, berbalagun egitasmoak loraldi polita izan duela nabarmendu du. 25 kide daude programan, adin desberdinetakoak, herriari kolorea emanez.

‘Ireki bihotza mintzalagunentzako!’ lemadun kanpainarako gutuna eta bideoa egin dituzte. Izena emateko informazioa, herriko euskara elkartean edo www.mintzapraktika.org-en.