NAIZ.INFO
BILBO

Krisialdia, normalizazio politikoa eta autogobernua izango ditu hizpide EAJk Alderdi Egunean

Datorren igandean Forondako zelaietan (10.30) ospatuko dute jeltzaleek beren Alderdi Eguna. «Euskadi berpiztu» izango da aurtengo leloa eta hiru ardatz nagusi izango ditu: krisi ekonomikoa, normalizazio politikoa eta autogobernua.

Pilar Garcia de Salazar eta Joseba Aurrekoetxea, Alderdi Egunaren aurkezpenean. (Argazkia: EAJren webgunea)
Pilar Garcia de Salazar eta Joseba Aurrekoetxea, Alderdi Egunaren aurkezpenean. (Argazkia: EAJren webgunea)

EAJko Euzkadi Buru Batzarraren (EBB) idazkari Pilar Garcia de Salazarrek eta Joseba Aurrekoetxea Antolakuntzarako EBBko burukideak aurkeztu dute gaur igandean ospatuko den Alderdi Egunaren 35. edizioa. Ospakizuna Forondako zelaietan egingo da, 10.30etik aurrera.

Garcia de Salazarrek esan duenez, «aurtengoa oso Alderdi Egun berezia izango da. Bakean ospatuko den lehenengoa. Aurten bakea ospatuko dugu. Aurreko 34 edizioetan bakea eskatu izan dugu. Aldiz, oraingoan, bakea eta normalizazioa bizikidetzan finkatzea izango da aldarrikapena».

Normalizazio politikoaz gain, krisialdi ekonomikoa gainditzea eta autogobernuaren aldarrikapena ere izango dira aurtengo Alderdi Egunaren ardatzak.

100.000 lagun biltzea espero duen jaialdia antolatzeko, 90 boluntario ari dira Forondan lanean duela hilabete. Pilar Garcia de Salazarren esanetan, jai guneak 400.000 metro koadro izango ditu, aparkaleku eta bestelako zerbitzuz hornituta. 132 jantokitan 20.000 bazkari ere eskainiko dituzte.

Ohiko elkartasun tonbolan jasotako dirua Gasteizko Bizitza Berria elkartera bideratuko dela adierazi dute.