NAIZ.INFO
DONOSTIA

Oposizioak dio «ezer berririk» ez dagoela Garitanoren hitzaldian

EAJK, PSEK eta PPk kritikatu egin dute Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak Batzar Nagusietako politika orokorreko eztabaidan egin duen hitzaldia eta proposamenik ez aurkeztea eta gipuzkoarrei «entzungor» egitea egotzi diote.

Gipuzkoako Batzar Nagusien ikuspegia, gaurko eztabaidan. (ARGAZKI PRESS)
Gipuzkoako Batzar Nagusien ikuspegia, gaurko eztabaidan. (ARGAZKI PRESS)

Martin Garitanok goizean egin duen hitzaldiaren ondoren, EAJko bozeramaile Markel Olanok esan du ahaldun nagusiaren interbentzioa «adar jotzea» izan dela. «Ez du neurri zehatzik aurkeztu, orain arte egindakoai errepasoa egin dio, egin diren inprobisazioei, eta ez du politika zehatzik proposatu», salatu du. Garitanoren hitzaldia Batzar Nagusientzat «iraina» izan dela erantsi du.

Rafaela Romero PSEko eleduna «harrituta eta desengainatua» azaldu da Garitanoren hitzaldiarekin, «sinplista»tzat jo du. Romeroren aburuz, ahaldu nagusiak Gipuzkoako eta gipuzkoarren egoera «ez du ezagutzen. Olatu batean jarraitzen du, ez da jaitsi oraindik eta, egiten duenean, marea biziekin Gipuzkoa hondoratuko du», esan du.

PPko bozeramaile Juan Carlos Canok ere kritikatu egin du Garitano: «Aspertu egin gaitu, inor ez du harritu». PPkoaren arabera, «diputatu nagusia okupa gisa dago Foru Aldundian. Gipuzkoarrak bere helburu independentistaren baitan erabili ahal baditu interesatzen zaizkio, horregatik dago benetan bere poltronan».

Canok zentsura mozioaren «beharra» nabarmendu du, Garitano eta bere taldea «soberan daudelako, gipuzkoarrak bost axola zaizkio eta bere helburu bakarra independentzia da».