NAIZ.INFO
DONOSTIA

‘Egia bide, askatasuna amets’ lelopean ekitaldia egingo dute larunbatean Azpeitian

Estatuen indarkeria pairatu duten pertsona batzuek larunbatean Azpeitian egingo duten ekitaldirako deialdia luzatu dute. ‘Egia bide, askatasuna amets’ lelopean, gatazka politikoaren hiru gako aztertuko dituzte bertan.

Larunbateko ekitaldia aurkezteko eman duten prentsaurrekoaren irudia. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Larunbateko ekitaldia aurkezteko eman duten prentsaurrekoaren irudia. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Estatu espainiar nahiz frantziarraren aldetik indarkeriaren bat pairatu duten hainbat pertsonek ekitaldi bat antolatu dute larunbat honetarako Azpeitian. ‘Egia bide, askatasuna amets’ lelopean, Euskal Herriko gatazka politikoa ulertzeko hiru gakoren inguruko iritzia emango dute bertan.

Gako horietako bat egiarena da. Egia «erabatekoa» aldarrikatuko dute, gatazkaren ondorioak ezkutatu beharrean azaleratu egingo dituena. Bestalde, askatasunaren alde lan egin duten belaunaldi ezberdinen errepaso bat egingo dute.

Azkenik, liskar eta gatazka biolentoan garaiak atzean uzteko aukeraz hitz egingo dute, hori baita euren ustez gatazka eta haren ondorio guztiak gainditzeko bide bakarra.

Ekitaldia Izarraitz pilotalekuan izango da, arratsaldeko 17.00etatik aurrera.