NAIZ.INFO
MADRIL

Hiru pertsona atxilotu ditu Poliziak Madrilen, Kongresuaren inguruko protestan

Hiru pertsona atxilotu dituzte gaur gauean Madrilen, «Kongresua inguratu» ekimenaren bigarren protesta egunean. Neptuno Plaza ingurua hustu du Poliziak eta istiluak izan dira. Bi egunetan atxilotu dituzten guztiak gaur eramango dituzte Auzitegi Nazionalera.

«Kongresua inguratu» ekimeneko kideak, bart. (Dominique FAGET/AFP)
«Kongresua inguratu» ekimeneko kideak, bart. (Dominique FAGET/AFP)

Gauerdia baino minutu batzuk lehenago Poliziak Neptuno Plazan eta inguruetan zegoen jendea joanarazi du eta karga batzuk izan dira.

«Kongresua inguratu» ekimenaren kontzentrazioan parte hartzen ari zirenak inguruetako kaleetan sakabanatu dira. Poliziaren arabera, zaborrontzi batzuk erre dituzte hainbat lagunek Madrilgo hirigunean eta istiluak izan dira Cibeles eta Sol inguruan.

Hiru lagun atxilotu dituzte eta beste hiru arin zauritu dira, Gobernuaren Ordezkaritzak emandako datuen arabera. Zaurituetako bat egunkari bateko argazkilaria da; eskumutur batean harrikada bat jaso du Polizia Neptuno Plazatik azken manifestariak bidaltzen ari zela.

Atzokoa «Kongresua inguratu» ekimenaren bigarren protesta eguna zen. Herenegun Polizia gogor oldartu zen Kongresuaren inguruetan eserita zeuden milaka pertsonen aurka eta istilu larriak izan ziren. 30 lagunetik gora atxilotu zituen eta zaurituak ere ugari izan ziren.

Atxilotutako guztiak gaur eramango dituzte deklaratzera Auzitegi Nazional espainolera. «Nazioaren» aurkako delitua leporatzen diete, baita desordena publikoak eta kalteak eragitea.