Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

«Quartet», Dustin Hoffmanek zuzentzen duen lehen pelikula

Dustin Hoffmanentzat izango da bosgarren eta azken Donostia Saria. Gauean jasoko du eta bere ‘Quartet’ filmak itxiko du Zinemaldiaren 60 edizioa. Gaur jakingo dugu aurtengo Urrezko Maskorra noren eskuetan erortzen den.

Dustin Hoffman, durante el photocall de esta mañana. (Conny BEYREUTHER/ARGAZKI PRESS)
Dustin Hoffman, durante el photocall de esta mañana. (Conny BEYREUTHER/ARGAZKI PRESS)

Dustin Hoffman aktore ezaguna zuzendaritza lanetan jarri da oraingoan. Donostia Saria jasoko du gaur gauean, atzetik dituen antzezpen ibilbide luzeagatik, hain justu, ‘Quartet’ berak zuzenduriko lehen filma aurkeztu duen egun berean. Zinemaldia itxiko duen film honek erretiratutako musikarientzako zahar-etxe batean bizi diren opera talde bateko kideen istorioaren berri ematen digu.

Pelikula honen protagonistak Pauline Collins (Cissie), Tom Courtenay (Reggie), Maggie Smith (Jean) eta Billy Conolly (Wilf) dira, eta hauen alboan benetako musikariak izan ziren lanean. Hoffmanek berak adierazi zuenez, ezin zituen aktoreak musikarien paperean jarri, eta Britainia Handian zehar erretiratutako musikariak bilatzen hasi zen. Hala, munduko orkestrarik garrantzitsuenetan ibilitako jendearekin egin zuen topo.

«Zergatik baztertzen du kulturak honelako jendea oraindik, maila berdinean ez bada ere, musika jo badezakete?», bota zuen. Izan ere, bere ustez, bizitza hiltzean amaitzen da eta ez zahartzean, eta ideia hori azpimarratzen du ‘Quartet’ filmak. Zuzendari bezala estreinatzen den aktore honentzat, «plazer bat izan da aktoreak eta aktoreak ez direnak zuzentzea» eta zineman izan duen esperientziarik politena dela baieztatu zuen.

Donostia Saria baino askoz gehiago

Kursaalean Dustin Hoffmani saria eman bezain laster, Zinemaldiko 60. edizioko filmerik onenei gainontzeko sariak banatzen hasiko dira, Urrezko Maskorra tartean. Hala ere, jaialdian badaude bestelako sariak jada ezagutzera eman dituztenak.

SGAE-Autore Fundazioak Publikoaren Saria ‘The sessions’ filmari eman dio. Publikoak ere, ‘The angels' share’ pelikulari eman dio Europako film onenari saria. Euskaltel Gazteriaren Saria Juan Carlos Maneglia eta Tana Schémboriren ‘7 cajas’ pelikularentzat izan da.

Saria eraman duten beste filmak honakoak izan dira: ‘El muerto y ser feliz’ (Fipresci Saria), ‘Shesh peamin’ (TVE Beste Begirada Saria), ‘The attack’ (TVE Beste Begirada Saria, aipamen berezia), ‘Días de pesca’ (Signis Saria), ‘Le capital’ (Gipuzkoako odol-emaileen elkartearen elkartasun saria) eta ‘Joven & alocada’ (Sebastiane 2012 Saria).