NAIZ.INFO
DONOSTIA

Euskarazko bost telebista elkarlanean hasi dira Gipuzkoako albistegia eskaintzen

Egunero Gipuzkoako gaurkotasunari lotutako albisteak, elkarrizketak eta erreportajeak eskaintzen ditu ‘Gurean Gaur’ saioak. Bost kanalek eskainiko dute, Aldundiak lagunduta.

Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagunduta, Gipuzkoako albistegi proiektua aurkeztu dute euskarazko bost telebistek. Elkarlanean, Gipuzkoarako albistegia martxan jarri dute Goiena, Goierri, Erlo, 28. kanala eta Hamaika telebistek.

Iragan urriaren 1era arte, bakoitzak ekoitzitako saioak partekatzen zituzten, baina egun horretatik aurrera albistegi bera emititzeari ekin zioten, prime time ordutegian.

Zigor Etxeburua Gipuzkoako Aldundiko Euskara Zuzendariak euskarazko tokiko telebistek egiten duten lan «mesedegarria» gogoratu du. Izan ere, esan duenez, «ikusleek aukera gutxi dute egungo telebistaren bidez informazioa, entretenimendua, formazioa, publizitatea eta abar jasotzeko».

Euskarazko telebistak beharrezkoak direla iritzita, Aldundiak eskatu zien indarrak bildu eta elkarlanean aritzeko. Eskakizunaren emaitza da ‘Gurean gaur’ saioa, 207.000 euroko laguntza jasoko duena Aldundiaren aldetik.