NAIZ.INFO
DONOSTIA

Erakusketa eta ekitaldia, Altxerriko haitzuloaren 50. urteurrena ospatzeko

Altxerriko kobazuloaren aurkikuntzaren 50. urteurrena dela-eta, erakusketa bat inauguratuko dute bihar arratsaldean eta azaroaren 8an ekitaldi berezia egingo dute.

Aranzadiko espeleologoek aurkitu zituzten Altxerriko pinturak 1962an. (GIPUZKOABERRI.NET)
Aranzadiko espeleologoek aurkitu zituzten Altxerriko pinturak 1962an. (GIPUZKOABERRI.NET)

1962ko urriaren 28an aurkitu zituzten Aranzadi Zientzia Elkarteko hiru espeleologok –Juan Cruz Vicuñak, Javier Migliacciok eta Felipe Aranzadik– Altxerriko haitzuloko labar pinturak. Joxe Miguel Barandiarani erakutsi zizkioten eta oso aintzinakoak zirela ikusita, babestu egin zituzten, haitzuloa itxita.

50. urtemuga dela-eta, Aranzadik, Aiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Lakuako Gobernuaren laguntzarekin, aurkikuntza harekin lotutako erakusketa prestatu dute. Bihar zabalduko da, 19.30ean, Aiako kultur-etxean, eta hilaren 28ra arte izango da irekita. Haitzuloaren irudiak, argibide-taulak, Kiputzen aurkitutako bisontearen burezurraren erreplika eta garai hartako agiriak izango dira ikusgai.

Erakusketaz gain, azaroaren 8rako ekitaldi berezia antolatu dute Donostiako Victoria Eugenia antzokian, kobazuloa aurkitu zutenei omenaldia egiteko. Atapuercaco zuzendaria, Juan Luis Arsuaga, bertan izango da.