NAIZ.INFO
BILBO

‘Soinujolearen semea’ eleberriaren antzerki moldaketa aste honetan estreinatuko dute, Bilbon

Bernardo Atxagaren ‘Soinujolearen semea’ eleberriaren antzerki moldaketa aste honetan iritsiko da taula gainera, Bilboko Arriaga Antzokiak estreinatuko baitu ostegun eta ostiralean, euskaraz eta gaztelaniaz, hurrenez hurren.

‘Soinujolearen semea’ antzezlanaren une bat. (NAIZ.INFO)
‘Soinujolearen semea’ antzezlanaren une bat. (NAIZ.INFO)

‘Soinujolearen semea’ eleberriaren antzerki moldaketak aurrenekoz bildu ditu EAEko hiru antzoki nagusiak, hau da, Bilboko Arriaga, Gasteizko Principal eta Donostiako Victoria Eugenia. Hirurek indarrak batu dituzte Tanttaka Teatroa konpainiarekin, Atxagaren obra ezaguna eszenaratzeko.

Ostegunean, 20.00etan, estreinatuko da euskarazko bertsioa eta, ostiralean, ordu berean, gaztelerazkoa. Larunbat (20.00) eta igandean (19.00) ere emanaldiak izango dira. Sarrerek 8,50 eta 25 euro bitarteko salneurria izango dute.

Fernando Bernuesek zuzenduta, euskarazko eta gaztelaniazko ekoizpen honek talde artistiko azpimarragarria du. Patxo Telleriak antzerki-moldaketa egin du, Iñaki Salvadorrek musika eta Jose Ibarrolak eszenografia.

Gainera, euskal aktore ezagunak igoko dira taula gainera ‘Soinujolearen semea’ antzezlanean, hain zuzen ere, Aitor Beltran, Joseba Apaolaza, Vito Rogado, Anke Moll, Iñaki Rikarte, Patxo Telleria, Mikel Losada, Asier Hernández, Amancay Gaztañaga, David Pinilla, Mireia Gabilondo eta Iñaki Salvador. Mattin Apaolaza eta Mikel Telleria umeek ere parte hartuko dute.

Sinopsia

Lanaren argumentuari dagokionez, David eta Joseba umetako lagunak dira. Haurtzaroa atzean utzi orduko, Davidek jakingo du aita faxisten kolaboratzaile izan zela 36ko Gerran. Francoren aurkako borrokaren aurkikuntzak liluraturik, batak arrazoi ideologikoengatik eta besteak arrazoi emozionalengatik, biek erabakitzen dute 1970eko hamarkadako ETA sortu berrian sartzea.

Klandestinitateko borrokaldi labur bezain moldagaitz baten ostean, Estatu frantsesera erbesteratu behar dute. Deserri hartan heltzen zaizkio Davidi desilusioa, abandonua eta lagunak eta erakundea traditzea. Kartzelatik irtetean, bere kideek arbuiatua, David Ameriketara doa bizi berri bat hastera.

Handik 30 urtera, David Kaliforniako bere rantxoan hiltzeko zorian dagoenean, Joseba agertuko da etxean, iraganeko kontuak eskatzen. Soinujolearen semea behartuta dago orduan bere mamuei aurre egitera, nahiz eta haiengandik ihesi Ameriketara joan zen.