NAIZ.INFO
IRUÑEA

Aurrekontuen inguruan akordioetara iristeko deia egin dio Yolanda Barcinak PSNri

Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcina PSNri zuzendu zaio, 2013ra begira Parlamentuan aurrekontuen inguruko akordioetara iristea ahalbidetu ditzaten. Berak ere bide horretan lan egingo duela agindu die Barcinak.

«Nik akordioak erdiesteko lan egingo dut», adierazi du Barcinak kazetarien aurrean, Gobernuak 2013rako aurkeztutako aurrekontu proiektuak oposizioaren baitan eragin duen gaitzespenaren berri izan ondoren.

Langabeziaren datuei erreparatuta eta hura gutxitzeko biziberritze ekonomikoaren beharraz ohartarazita, galdera bota die Barcinak berarekin koalizioan egon ziren alderdiko kideei, PSNri alegia. «Ez bada orain, noiz?», itaundu die.

Zentzu horretan, nabarmendu du beharrezkoa dela «lanik ez dutenen inguruan hausnarketa egitea», haiek bizi duten egoerak «akordioetara iristea exijitzen duelako» eta datorren urtean Nafarroak «krisialditik ateratzeko tresnak» izan ditzan.

«Parlamentuaren baitan PSN akordioetara iristea espero eta desiatzen dut, haiek uste baitute bertan eman behar direla hitzarmenak, Nafarroak aurrekontuak izan ditzan eta haiekin izan dezan langabeziaren gaitzari aurre egiteko beste tresna bat», azaldu du.

Hala, Barcinak argitu du gustatuko litzaiokeela Nafarroan EAEn bezala gertatzea, «non oposizioak oposizioa eta ez suntsiketa egiten duen, eta non prest dagoen gehiengorik ez duen presidente batekin akordioetara heltzeko».