NAIZ.INFO
BRUSELA

Gobernu espainolak egindako murrizketak nahikoa diren ebatziko du Europako Batzordeak

Europako Batzordeak Mariano Rajoyren Gobernuak defizita zuzentzeko onartutako murrizketak nahikoa diren ala ez ebatziko du gaur. Udazkenerako aurreikuspen ekonomikoen berri ere emango du Bruselak.

Europako Batasunaren eskakizunak betetzeko Gobernu espainolak hartutako neurriak nahikoa diren ala Mariano Rajoyk murrizketa gehiago egin beharko dituen ebatziko du gaur Europako Batzordeak.

Bruselak udazkeneko aurreikuspen ekonomikoen berri ere emango du eta, Estatu espainolaren kasuan, 2013rako hazkunde prebisioa jaitsi egingo du.

PPren Gobernuak ekonomia %0,5 uzkurtuko dela espero du eta horren arabera egin ditu datorren urteko aurrekontuak. Europako Batzordeko lehendakariorde eta Konpetentzia komisario Joaquin Almuniak, ordea, aurreratu du dagoeneko zifra hori Bruselak aurreikusten duenatik «urrun» dagoela.

Batzordearen txostenak, ziur aski, Estatu espainolak defizita murrizteko ezarritako helburuak ez dituela beteko jasoko du, hau da, aurten %6,3ra jaistea, 2013an %4,5era eta 2014an %2,8ra.

Bruselaren kalkuluek Rajoyren Exekutiboak urriaren 15era arte hartutako neurriak hartu ditu aintzat, BEZaren igoera, 2013rako aurrekontuak eta 2013-2014 plana barne.