Gotzon ARANBURU
IRUÑEA
Elkarrizketa
Jesus Mari Aragon eta Feliciano Velez
Alderdi Karlistako idazkari orokorra eta Harremanetarako idazkaria

«Euskal Herria erabili behar duzue, ez Euskadi»

Jesus Mari Aragon, alderdi karlistaren idazkari orokorra, ohituta dago galdera hau entzuten: nola iraun ditu 180 urte karlismoak? Eta eskura dauzkan adibideak erabiltzen ditu erantzuteko.

Jesus Mari Aragon, Alderdi Karlistako idazkari orokorra, eta Feliciano Velez, Harremanetarako idazkaria. (Gotzon ARANBURU)
Jesus Mari Aragon, Alderdi Karlistako idazkari orokorra, eta Feliciano Velez, Harremanetarako idazkaria. (Gotzon ARANBURU)

«Gauza askok iraun dute gure artean, batzuei sinestezina iruditzen bazaie ere. Begira euskara, gure hizkuntza zaharra, 30.000 urte eta gero bizirik, nahiz eta gaztelera eta ingeles indartsuak hor egon. Zergatik? Ba arrazoi bat baino gehiago daude, baina batez ere familian eta herrian errotuta egoteagatik. Ba gauza bera gertatzen da karlismoarekin. Beste adibide bat: 1512ko konkista saiatu dira ezkutatzen urte luzez, baina herriak badaki zer gertatu zen. Liberalismoak ez du lortu gure zuztarrak guztik desegitea, nahiz eta gogor saiatu den».

Pasadizo eta anekdota ugari ezagutzeko aukera ematen du Jesus Mari Aragon eta Feliciano Velezekin hitz egiteak. Karlista zaharrenek ez omen dute gustuko EKAk ezker abertzalearekin harreman ona edukitzea, baina karlista «berriek» mundu guztiarekin ondo konpondu nahi dute. Aurreko idazkari orokorrak, Jose Angel Perez Nievasek, esaterako, terminologia arloko aholkuak ere ematen omen zizkion Patxi Zabaletari: «Patxi, Euskadi hitza alde batera utzi eta Euskal Herria berreskuratu behar duzue, gure herriaren benetako izena hori da-eta».

Ezkerrerako joera nabarmena dute gure bi mintzakideok. Legebiltzarrean baleude akordioak norekin egingo lituzketen galdetuta, joan den urriko EAEko hauteskunde autonomikoak aipatu ditu Jesus Marik: «Nik neuk, Ezker Batuaren inguruko sentsibilitate horiei emango nien botua. Hiru zeuden, eta sakabanatuta joateagatik ez dute ezer atera».

Erakundeetan presentziarik ez edukitzeak diru arazoak dakarzkie, besteak beste, karlistei. Alokairuan dauzkaten lokal batzuk eta afiliatuen kuotak dira diru iturri bakarrak. Baina krisi garai hauetan militante guztiak ez daude kuotak ordaintzeko moduan, eta beste era batera laguntzen diote alderdiari. «Ahal duenak ahal duena egiten du. Batzuek ‘El Federal’en idazten dute, beste batzuek loteria saldu… Aberatsek diru opari ederrak egiten zizkiguten garai haiek pasa ziren», dio Felicianok irrifarrez.