Naiz.info
Bilbo

Euskararen normalizazioan aro berri bat irekitzeko apustua egin du Topaguneak

Topaguneak gonbidapena luzatu die euskaltzale, gizarte eragile eta erakundeei ziklo berri horren oinarriak elkarrekin jartzeko.

Topaguneak eta Euskaldunon Elkarteen mugimendua osatzen duten 96 elkarteek hiru urteko hausnarketa prozesuari amaiera eman diote gaur Bilboko Euskalduna Jauregian.

Topagunearen presidente Mikel Irizarrek azaldu duenez, hausnarketa prozesuak «gertu utzi du Topagunea euskalgintzaren aro berri bati ekiteko» eta gonbidapena luzatu die euskaltzale, gizarte eragile eta erakundeei ziklo berri horren oinarriak elkarrekin jartzeko.

Irizarren arabera, 30 urteko ziklo bat amaitu berri da euskalgintzan eta «lorpen handiekin batera, goia jo izanaren sentsazioa ere utzi du mugarri horrek».

Topaguneak aurreikusten duen ziklo berrian, «lankidetzarako aukera handiak zabaltzen dira herri erakunde eta gizarte eragileen artean, iraganeko botere-kontrabotere dialektika gaindituta».

Ziklo berri horren «hezurdura plangintza potente bat» izatea proposatzen du Topaguneak, eta «giharra berriz euskalgintza berri bat, gizartean eta erakundeetan ondo txertatuta eta bi esparruen arteko lankidetza sustatuko duena».

«Bihotzean» kokatu du Topaguneak euskal hiztuna, «ahalmendua, jantzia, antolatua eta ekintzailea, euskara bizipozez biziko duena agoniatik urrun».