Arkaitz Estiballes zuzenean sailkatu da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalera

Galdakaoztarra onena izan da Basaurin ospatu den lehen finalerdian 596 punturekin. Onintza Enbeita izan da bigarrena 523 punturekin eta Oihana Bartra hirugarrena 509 punturekin.

Naiz.info|Basauri|2012/11/18
20121118_estiballes
Estiballesek 2010ean Bizkaiko Txapelketa irabazi zuen. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen finalerdian Arkaitz Estiballes erraz nagusitu da eta finalerako sailkatu da zuzenean. 2010ean Bizkaiko txapeldun izan zen galdakaoztarrak 596 puntu lortu ditu Basaurin ospatu den saioan.

Bigarren tokian Onintza Enbeita sailkatu da 523 punturekin, Oihana Bartra hirugarrena izan da 509 punturekin eta Eneko Abasolo laugarrena 489,5 punturekin.

Gorka Lazkano berriz, bostgarren tokian sailkatu da 469 punturekin eta Iñaki Iturriozek 448 puntu lortu ditu.

Estiballes kenduta, gainontzeko bertsolariek beste finalerdietan zer gertatzen den itxaron beharko dute. Hurrengo finalaurrekoa Durangon ospatuko da datorren igandean.