Anartz BILBAO
LEKUNBERRI
Elkarrizketa
Gorka Urbizu, Galder Izagirre eta David Gonzalez
Berri Txarrak taldeko kideak

«Grina ez da bukatu, hazi egin da. Horixe da taldearen gasolina»

Gorka Urbizu, David Gonzalez eta Galder Izagirre Berri Txarrak taldeko musikariak Lekunberrin topatu ditu NAIZek, bira hastear. Guztira bost lagun izango dira errepidean eta prest dute Mercedes furgonetatzar grisa. Haien kontakizunak gurekin partekatuko dituzte.

David Gonzalez, Galder Izagirre eta Gorka Urbizu, Lekunberrin egindako elkarrizketan. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)
David Gonzalez, Galder Izagirre eta Gorka Urbizu, Lekunberrin egindako elkarrizketan. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Iragan udan AEBetan Ross Robinsonekin grabatu eta udazkenean argitaratutako ‘Haria’ –BTXen zazpigarren lana– apirilean zabaldu zuen Europan Graviton etxeak. «Badakigu zein den diskogintza tradizionalaren egoera –azaldu digu Urbizuk–, baina ilusioa egiten digu eta, gainera, uste dugu inportantea ere badela herrialde horietan izatea». Eta argitaratze horri esker, bira abiatuko du taldeak.

Izagirrek kontatu digunez, «hitzarmen bat egin genuen diskoak banaketa duen herrialdeetan jotzeko, eta Gravitonek azpiegitura atondu digu. Aparte, gure kontaktuak erabili behar izan ditugu, sarea hedatu eta puzzlea osatzeko, ahalik eta gehien jo eta egun librerik ez izateko». Baita lortu ere. Taldeak hamazazpi hitzordu izango ditu bi aste eta erdian, etenik gabe; bihar Andorran hasi eta abenduaren 12an Estatu frantseseko Tolosan bukatu, tartean zazpi herrialdetan joz –horri aurretik Estatuan egindako hiru kontzertuak gehitu behar zaizkio–. Guztira, 7.000 kilometroko inguru, 400 eguneko.

Gonzalezen aburuz, «kanpora ateratzerakoan, talde guztien helburu nagusia ezagutzen ez zaituen publikoarengana gerturatzea da, zuzenean entzun zaitzaten; eta hori dugu helburu». Horretarako, diskoaren banaketa bezain garrantzitsua da BTXek egina duen bidea. «2003an jo genuen lehenengoz Europara –mintzo da Urbizu– eta geroztik bospasei aldiz izan gara. Rise Againsterekin egin genuen biran, esaterako, jende askok ikusi gintuen». Beraz, bide erdia egina dute jada. «Ezberdina da lehen aldiz joaten zarenean, Brasil edo Hong Kongera adibidez, nabaritzen da, emaitzak ez dira berehala ikusten, epe luzerako kontua da eta ez duzu Euskal Herriko harrera bera... baina disfrutatu egiten dugu».

Euskal Herriko aretoak sutan jartzera ohituta, bide berriagoak urratu beharko ditu hirukoteak. «Azkenean egia da badagoela erakarpen puntu bat ezezagun zaizun horretan. Egia da BTX ohitu egin dela ‘etxeko’ dinamikara –aretoetan jende andana, zaleak kantu guztiak dakizki...– eta kanpora irteteak nolabait hastapenetara zaramatza: leku txikietan jo, non ezer ez dagoen ziurtatuta, ez antolakuntza ez agertuko den zale kopuruaren aldetik...», aitortu du Izagirrek. Txanda Urbizuk hartu dio, eta zera erantsi: «Kanpora irtetea... zurrunbilo horretatik ateratzea da. Etxean ere zerbait berria aurkeztu eta konbentzitu egin behar duzu zalea, bai, baina kanpoan fisikoagoa da, gertukoagoa. Ez gaituzte ezagutzen, eta lortu behar dugu itzuliz gero etor daitezela berriro gu entzutera!».

Horretarako bira ezin trinkoagoa antolatu dute, atsedenik batere gabekoa. «Fisikoki eta psikologikoki nahiko gogorra izango da –jarraitu du lekunberritarrak–. Hogei egunetan beste horrenbeste kontzertu... bada zerbait. Kilometro asko tartean, baldintzak ez dira aproposenak bira eroso baterako, furgonetan orduak eta orduak... baina badu abentura puntua». Gainera, atseden egunak direla-eta, oso arraroak suertatzen direla dio. «Biratik ateratzen zaituzte. Etxetik urrun zaude nekatuta, ez zaude turismoa egiteko ere... eta jotzeko beharra duzunean hartzen du denak zentzua».

Oreka
Zuzenekoak ematen dio indarra taldeari, eta zuzenekoek eraman dute BTX gora eta gora, euskal talderik nabarmenetarikoa izateraino. «Egia da taldea hazi den heinean erabaki gehiago hartu behar izan direla; ardura bat dago. Musikaz aparteko alderdiak  ere garrantzia hartzen du, kudeatu beharra dago eta horrek nekea eragiten du», Urbizuren esanetan. «Baina ongi etorria izan dadila neke hori. Ez zaigu ahaztu behar pribilegio bat dela bizi duguna, eta presente dugu».

«Grina ez da bukatu, hazi egin da beharbada. Horixe da taldearen gasolina, eta ilusioa agortzen bada taldea bukatzeko tenorean izango gara», dio hirukoteak, aurki hogei urte beteko baititu –1994an sortu zen BTX–. «Saiatu gara taldea beti bizirik mantentzen». Izan ere, rock munduan erosotasuna arriskutsua dela begitantzen zaio Urbizuri. «Erronka 20 urteren bueltan fresko mantentzea da, zaleari oraindik erakargarri egiten zaiona eskaintzea eta sorkuntza aldetik formulak errepikatu baino aurrera egitea». Eta horrek ez dauka zerikusirik taldearen tamainarekin edo mugitzen duzun zale kopuruarekin. Izagirrek eta Gonzalezek ere nahiko argi dute kontua. «Atzera begiratzen dudanean nire bizitza erdia ikusten dut musikaren inguruan, beste kontu batzuk bazterrean utzita. Baina barruan daramadan birus bat da, nire bizitza orekatzen duena». Baxu jotzailearen hitzak baieztatzeko, «horren inguruko kantu bat egin genuen», argitu digu bateria jotzaileak –‘Harra’ (...gaitz hau da bizirik naizela sinistarazten nauen gezur hilkor, eder, alu bakarra...)–. «Ez dagoen momentuan, sumatuko da agertokietan ere, utzi beharko dugun seinale. Zuzeneko unean sentitzen duzunak erabat harrapatzen zaitu, berdin da oholtza handian edo taberna batean den, jende asko edo gutxi duzun aurrean... dena merezi du zuzenean jotzeagatik».

Berri Txarrak taldeak egun duen oihartzunak, gure tamainan bada ere, rock izarrak izatera eraman ditu taldekideak. «Eta nekatzen du modu batean [kideak Urbizuri so dira, berak erantzun dezan]. Oreka beharrezkoa da eta ni adibidez, lekunberritarra izanda, lasai bizi naiz hemen, beste herrikide bat baino ez naiz. Baina ez zaio buelta handirik eman behar, uste dut musikan zentratu garela beti, periferiak bazter utzita. Kantuak egin, hauek onak izan daitezela, baita zuzenekoak ere. Hori da BTX %95ean, eta horretan gure kritikari nagusiak gara».