Naiz.info
Bilbo

«Bertsolari» filma DVDan argitaratu du Txintxua Films ekoiztetxeak

Txintxua Films ekoiztetxeak «Bertsolari» filma DVD formatuan argitaratu du, eta abenduaren 6tik 9ra arte Durangoko 47. Euskal Liburu eta Disko Azokan salgai egongo da, Lanku eta Eguzki Bideoak etxeen erakusguneetan.

«Bertsolari» filmaren DVDan, Asier Altunak zuzendutako dokumentalaz gain, bestelako material osagarriak biltzen dira. Horrela, batetik, filman jaso ez diren sekuentziak daude, eta, bestetik, sormen prozesuari buruz Andoni Egaña bertsolariari, Altunari berari eta Laurent Dufreche editoreari egindako elkarrizketak. Halaber, filmaketaren «making off» delakoa ere ikus daiteke.

Dokumentala, jatorrizko bertsioaz gain, zazpi hizkuntzatan segi daiteke azpitituluen bidez, alegia, euskaraz, katalanez, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, alemanez eta italieraz.

Abenduaren 15etik aurrera dendetan izango da eta abenduaren 6tik 9ra Durangoko Azokan.