Naiz.info
Donostia

Amarako Topoak ehun urte

‘Hurrengo geltokia: Amara-Topoaren 100 urte’ erakusketa inauguratuko da Amarako Ernest Lluch Kultur Etxean.

Amarako Topoaren irudi zaharrek osatzen dute erakusketa. (Gari GARAIALDE/ARGAZKI PRESS)
Amarako Topoaren irudi zaharrek osatzen dute erakusketa. (Gari GARAIALDE/ARGAZKI PRESS)

Bihar, abenduak 5, ehun urte beteko dira Topoaren lehen trena Donostiako Amara auzotik abiatu zenetik. Mendeurrena ospatzeko Gipuzkoako Burdinbidearen Lagunen Elkarteak eta Antxotarrok Historia Mintegiak erakusketa bat antolatu dute ‘Hurrengo geltokia: Amara-Topoaren 100 urte’ izenburupean.

Ekimen honetara Donostia Kultura gehitu da, Amara, Intxaurrondo, Altza eta Loiolako kultur etxeetan erakusketa bisitatu ahalko delarik.

Amararen kasuan, gainera, erakusketak auzo hori eta Topoaren arteko harremana jasotzen duten atalak izango ditu, Gipuzkoako Burdinbidearen Lagunen Elkartearen eskutik eta ‘Amarauna’ proiektuaren barruan.

Erakusketak Topoaren historia jasotzen du, argazki, testu, panel, dokumentu, maketa eta objektu ezberdinen bitartez.

Zabalik egongo da urtarrilaren 26ra arte.