Maite UBIRIA
BAIONA

Parisek euskal gatazkan izan duen esku-hartzea azaltzen duen liburua plazaratu du Anai Arteak

Anai Artea elkarteak ‘Frantziaren esku-hartzea euskal gaztakan’ izeneko liburua aurkeztu du. Besteak beste, Oroit eta Salak, IK erakundeko presoen familiarrek eta Etxerat elkarteak emandako informazioekin batera Parisek «askatasunen aurka» eraman duen politikaren «behin behineko potreta» egin du liburuak.

Anai Arteako ordezkariak, Baionan eskaini duten agerraldian. (Bob EDME)
Anai Arteako ordezkariak, Baionan eskaini duten agerraldian. (Bob EDME)

Anai Artea elkarteak ‘Frantziaren esku-hartzea euskal gaztakan’ izeneko liburuaren aurkezpen ekitaldia baliatu nahi izan du Gobernu frantsesak bide beretik segitzen duela salatu eta Aieten zabaldutako bideari bere sostengu osoa adierazteko.

Estatu frantsesak Euskal Herriarekiko garatzen duen politikan Estatu arrazoiak agintzen duela argi du Anai Arteak. Azken hamarkadetan, eskuina Gobernuan izan ala ezkerra agintera heldu, norabidea ez dela funtsean aldatu nabarmendu du.

Joan den mendeko 80. hamarkadan abiatu zen errefuxiatuen aurkako jazarpena eta berriki espainaratua izan den Aurore Martinen kasua «norabide berdinean doazen urrats kualitatiboak direla» salatu du elkarteak.

Ipar Euskal Herrian azken lau hamarkadetan izan diren atxiloketen bilduma egin du liburuan. Ehunka herritarrek pairatu duten jazarpenaren bilduma zehatza eginez Estatu frantsesak euskal gatazkan izan duen esku-hartzearen behin behineko erretratua eskaini nahi izan du.

Anai Arteak azpimarratu duenez, lana ez dago amaituta eta liburuan jasotzen ez diren beste egoera batzuk –besteak beste deportazioa eta iheslarien barreiatzea– aztergai dituzte oraindik.

Liburuaren ondorioa argia da: «Atzo eta gaur, Frantziako gobernamenduek bakea elkarrizketaren bidez eraikitzen lagundu beharrean, epaile eta polizien bidez ekin diote euskal gatazkari». Are, urte luzeetan errefuxiatuen harrera lanetan ibili den ekartearen ustez, Parisek iraunkorki hobetsi ditu interes ekonomikoak espainiar agintariekin eratu dituen harreman diplomatikoetan.

Aieteko Adierazpenak «bi aldetako engaiamenduak» eskatzen dituela oroitaraziz, euskal preso politikoen kasuan Parisek «urratsez urrats» Madrilgo politika segitzen duela salatu du.

Bere semea Euskal Herritik 1.200 kilometrora, Puerto de Santamarian, preso duen Marie-Claire Gramont-en lekukotasunaren laguntzaz, ETAk bere jarduera armatua bertan behera utzi arren, euskal presoen egoerak ez duela hobera egin salatu du.

Abenduaren 15ean Baionan egingo den Bake Foroarekin bat egiten duela adierazi dute Etxerat eta Anai Arteako ordezkariek.