Naiz.info
Durango

Benito Lertxundiri, Argizaiola

Jon Maiak zuzendutako ‘Gauean Argi’ gala berezian jaso du Benito Lertxundik Argizaiola saria. 60ko hamarkadatik erreferente izan den musikariak Durangoko Azokarekin izan duen harreman estua saritu nahi izan dute.

Benito Lertxundi, Argizaiolarekin, Gerediaga Elkarteko presidente Nerea Mujikarekin batera. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Benito Lertxundi, Argizaiolarekin, Gerediaga Elkarteko presidente Nerea Mujikarekin batera. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Benito Lertxundi musikari oriotarra izan da Durangoko Disko eta Liburu Azokako lehenengo eguneko protagonista nagusia. Arratsaldeko 20.30ean abiatu den ekitaldian jaso du sortzaileak Argizaiola.

San Agustik Kulturgunean egin da saio berezia, ‘Gauean Argi’ izenburupean, Jon Maiak gidatutakoa. Bertsolari zumaiarrak Lertxundiren lana goraipatu du bertso eta ikusentzunezkoen bitartez. Ekitaldi aretoa jendez gainezka egon da.

Sari horrekin Durangoko Azokarekin hasieratik mantendu duen harreman estua saritu nahi izan dute. Lertxundik GARAri aitortu dionez, Durangoko Azoka eta Ez Dok Amairu elkarren eskutik joan izan dira beti eta 1666an Mikel Laboa eta Lourdes Iriondorekin batera eskainitako kontzertua ekarri du gogora. Berarentzat, saririk onena ikusleek txaloen bidez ematen dutena dela nabarmendu du.

Egun jendetsua

Lehenengo eguna jendetsua izan da oso. Hasieratik jende uholdea bildu da Landakon. Gonbidatu ugari izan dira egunean zehar, gehienak haien lanak aurkeztu eta sinatzen. Durangon izan dira, besteak beste, Ines Osinaga (Gose), Vendetta, Su ta Gar, Anjel Lertxundi, Iñaki Egaña edo Jose Mari Esparza.

Azokako salmahaietan izan dira ere Kirmen Uribe (‘Mossche’) –Zazpikak erreportaje berezia kaleratuko du igandean idazle ondarroarrarekin– eta Toti Martinez de Lezea. Sortzaile gasteiztarrak berandu bukatu du gaurko jardunaldia, arratsaldeko 20.30ean oraindik liburuak sinatzen ari baitzen.