NAIZ.INFO
DURANGO

Gustu guztietarako ekimen eta aurkezpenak izango dira Azokaren bigarren egunean

47. Durangoko Azokak jendetza bildu zuen lehen egunean eta gaurko dagoen eskaintza zabalak ere erakarpen indar bera izango duela dirudi. Ijitoen kultura da aurtengo gonbidatu berezia eta gaur ere ekimen ugari izango dira honi loturik, gainera historiari eta egoera politiko eta sozialari lotutako hainbat lanen aurkezpenak ere izango dira gaur.

Jorge Pisa, Amets Arzallus eta Arkaitz Estiballes atzoko aurkezpenean. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)
Jorge Pisa, Amets Arzallus eta Arkaitz Estiballes atzoko aurkezpenean. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Ijitoen kultura da 47. Durangoko Azokako gonbidatu berezia eta atzoko aurkezpenean ikusi genuen ‘Nire kera zurearen palian dao’ ikuskizunaren aurrerapena bere osotasunean gozatzeko aukera izango da 22.30etatik aurrera Plateruenan. Arkaitz Estiballes eta Amets Arzallus bertsolariekin batera izango dira txalapartariak, Las Fanys, Vembrule, Bienmesabe eta Jorge Pisa.

Egunean zehar ijito kulturari tarte gehiago ere irekiko zaizkio. Areto nagusian ‘Emakume ijitoaren aldarria’ hitzaldia antolatu dute areto nagusian (15.30) eta ordu berean ijitoen tailerrak (txapak, margoak...) izango dira Saguganbaran eta emakume ijitoen ipuin kontaketa gero.

Sorkuntza zabala izango da aurten ere egoera politiko eta sozialari lotuta. Ahotsenean goizeko lehen hitzaldia Pako Aristiren ‘Independentziaren paperak’ izango da eta 14.00tan Ataramiñe argitaletxeak preso politikoek ekoitzitako hainbat lan aurkeztuko ditu. Arratsaldean (17.00) Joxe Felix Azurmendiren ‘ETA-PNV. Crónica oculta (1960-1979)’ liburu aurkezpena izango da areto nagusian.

‘Oroitzak’ hitzaldi sortaren baitan Patxi Zabaletak ‘Nafarroa 500 hitzeko gutuna’ izenburuarekin emango du hitzaldia eta Ipar Hegoa Fundazioak eta UEUk ‘Euskal Estatuari bidea zabaltzen’ lana aurkeztuko dute (17.30). Iluntzean (18.00tan) Irudienean Jon Maiak eta Nazioen Mundua herri ekimeneko Angel Oiarbidek ‘Gazta zati bat’ filma eta erabakitzeko eskubidearen alde izandako dinamikaren berri emango dute Irudienean.

Ahotsenean hainbat musikariren lanak zuzenean gozatzeko aukera ere izango da. Gozategiren zuzenekoak abiatuko du goiza, Xabi San Sebastian izango da eguerdian eta Herri Oihua, Itziarren Semeak eta Willis Drummond, besteak beste, egunean zehar.

Gainera, Landakon bertan erakustokietan idazleak eta musikariak euren lanak sinatzen izango dira, ekimen andana han hemenka eta jendea erruz, euskal kultur sorkuntzaren topaleku nagusian.