Naiz.info
Bilbo

Azken txanpan sartu da euskal kulturaren topagunea

Larunbata izanik jendetza bildu da Durangoko Azokan. Ekitaldiz betetako eguna izan da gaurkoa ere, azokaren azken txanpan sartzeko. Igande honetan amaituko da. Eguerdian, antolatzaileek lehen balorazioa egingo dute.

Gaur ere jendetza batzea espero dute Durangon. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)
Gaur ere jendetza batzea espero dute Durangon. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)

Durangoko Azokaren 47. edizioa azken txanpan sartu da. Jendetza bildu da bertan hirugarren egunez. Igande honetan amaituko da, eta eguerdirako antolatzaileek lehen balorazio bat egingo dute.

Aurreko egunetan bezala, ekitaldiz gainezka izan da gaurkoa eta Kirmen Uriberen liburu berriaren aurkezpena ‘Mussche’ eta Gosek Ahotsenean egingo duen disko berriaren aurkezpena izan dira esanguratsuenetako batzuk.

Ahotseneatik hasita Karmele Jaiok ‘Ez naiz ni’ bere azken liburua aurkeztuko du goizez. Ramon Saizarbitoria, berriz, arratsaldez izan da.

Musika taldeei dagokionez, Balerdi Balerdi, Solte, Anger, Skakeitan eta Arkada Social izan dira emanaldia eskaini duten taldeetako batzuk.

Areto nagusian ere hainbat aurkezpen eta ekitaldi izan dira. Besteak beste, Mikel Urdangarinek ‘Azula’ diskoa aurkeztu du eta euskal kulturgintzaren inguruko mahaingurua egin dute.

Irudienean euskarazko hainbat film laburren aurkezpenak egin dira goizean zuzendariekin eta arratsaldean ‘Barrura begiratzeko leihoak’ filma aurkeztu dute.

Gauean berriz, Betagarrik disko berria aurkeztuko du Plateruenan.