Naiz.info
Donostia

Donostiako Klasikak jasoko du 2013ko Urrezko Danborra

Bigarren urtez jarraian kirol proba bat sarituko du Donostiak San Sebastian egunean banatu ohi den Urrezko Danborrarekin. Iaz Behobia-Donostiak jaso zuen.

Donostiako Klasikak jasoko du hurrengo urtean Donostiako Urrezko Danborra eta bigarren urtez jarraian sarituko da kirol proba bat. Hala erabaki du Donostia Turismoko Administrazio Kontseiluak. Iaz Behobia-Donostiak jaso zuen saria, eta urtebete lehenago, Xabi Alonso futbolariak.

Txirrindulari proba horrek 32 urte eta gero Donostiari egin dizkion ekarpen aktiboak nabarmendu dituzte. «Hiriaren kanpoko irudirako eta hiriaren erakargarritasunerako izugarrizko laguntza izan da. Hiriaren erakusleiho garrantzitsua da, munduko herrialde askotan ikus daitekeen lehiaketa da eta», esan dute.

Aurtengo hautagaiak ziren Richard Oribe igerilaria, Vicente Zaragueta Aquariumeko presidentea, Loquillo kantaria, Jose Luis Alvarez Enparantza ‘Txillardegi’, Madrilgo Jai Alai jatetxeko jabeak eta Joxe Azurmendi idazle eta pentsalaria.

Danborra urtarrilaren 20an emango da, Udaletxeko Udalbatza aretoan.