Txorizoa edo txistorra, txerrikia beti ere, protagonista izango da ostiralean San Tomas eguneko feria nagusietan. Ez horiek bakarrik, bateko eta besteko baserriko produktuak eta abereak izango dira eta Donostian antolatu dituzten ferietan eta baita txerria ere, noski. Donostian Tomaxi izango da aurten protagonista, honezkero 325 kilo ditu eta ostiralerako 360ra iritsiko dela iragarri dute gaur Donostiako Udaleko arduradunek.
Bilbon txerriaren protagonismo berezia Konpartsek indartuko dute, «euskal txerri ‘zoriontsu’ baten produktuen zozketa» antolatu baitute. Konpartsak eurak, Txarriduna txerriaren akademia, Makilaren kofradia, Erriberako Merkatua eta alde zaharreko ostalari eta dendariek elkarrekin bultzatu dute ekimena. Besteak beste, txerrikiz osaturiko saskia zozketatuko dute eta txerri bat ete bere bi kume ikusgai izango dira egunean zehar.
Ohiko produktuen lehiaketaz gain ezohikoak ere izango dira, Donostian antolatu duten Txorimalo lehiaketa adibidez. 12 taldek 18 txorimalo aurkeztuko dituzte eta horien artean aukeratuko dute onena. Donostian, gainera, 13 urte eta gero herri kirol erakustaldia ere berreskuratuko dute eta egun osoan zehar kultur ekimen ugari izango dira.
Garraioa eta jasangarritasuna
Bi hiriburuetan erdigunean kokatuko da jaiaren gune nagusia eta ondorioz, trafiko arazo dezente sor daiteke. Bilboko eta Donostiako udaletako ordezkariek garraio publikoa erabiltzeko gonbidapena egin dute.
Donostiako egitaraua Nerea Txapartegi kultura zinegotziak aurkeztu du eta festa jasangarriagoak izan daitezen hainbat neurri hartu dituztela iragarri du. Hartara, edalontzi berrerabilgarriak banatuko dituzte, olio biltzeko bidoiak jarriko dituzte eta komun kimikoak jarriko dituzte, besteak beste.