Naiz.info
Donostia

PP «konponbide eta justizia nahien aurka» ari dela salatu du ezker abertzaleak

Oarsoaldeko bost gazteren kontrako epaiak «argi adierazten du», ezker abertzalearen aburuz, «Estatu espainiarrak indarkeria eta eskubide urraketa» erabiltzen dituela «bere helburu politikoak lortzeko», hots, «gatazkaren konponbiderako aukera zapuzteko».

Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko kideak babesa eta elkartasuna adierazi die ohar bidez Oarsoaldeko bost gazteei Auzitegi Gorenak igorritako sententziaren aurrean.

Bere iritziz, epaiak «argi adierazten du» Estatu espainolak «indarkeria eta eskubide urraketa» erabiltzen dituela «bere helburu politikoak lortzeko», hau da, «gatazkaren konponbiderako aukera zapuzteko».

«Azken urtean zehar Rajoy eta Basagoiti-ren PPk bultzaturiko estrategiaren adierazpen berri bat da sententzia hau. Euskal jendartearen bake, konponbide eta justizia nahien aurka dabil etengabe PP. Bakearen etsaia da PP», esan du Ugarteburuk.

Ildo horretatik, «bakearen etsaien etengabeko erasoen aurrean», Euskal Herriaren eskubideen eta konponbidearen alde ahaleginak indartzeko deia egin du eta Errenterian burutuko diren mobilizazioetan parte hartzera deitu ditu herritarrak.