NAIZ.INFO
BILBO

Kutxabank-en «izaera soziala» aldarrikatu du EH Bilduk

Ezkerraldeko hainbat herrietan elkarretaratzeak egin ditu EH Bilduk «PNV, PSE eta PP bultzatzen ari diren pribatizazioaren aurrean», izaera soziala izango duen Kutxabank aldarrikatzeko.

EH Bilduk Santurtzin egin duen elkarretaratzearen irudia. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
EH Bilduk Santurtzin egin duen elkarretaratzearen irudia. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

EH Bilduk elkarretaratzeak egin ditu Ezkerraldeko hainbat herrietan «PNV, PSE eta PP bilatzen ari diren Kutxabank-en pribatitazioaren aurka». ‘Irtenbidea badago: Burujabetza eta eraldaketa soziala’ lelopean, «gutxienez» erakundearen %51 kapital finantziero pribatuaren esku geratuko dela azaldu dute bertan.

«Kutxek ez dute Kutxabank-en etorkizunaz erabakitzeko ahalmenik izango. PNV, PSE eta PPk pribatizazioaren aldeko apustua egin dute. Indarrak batu dituzte asanbladen eratzean EH Bildu bazterrean uzteko», kritikatu du koalizioak.

Etxegabetze kasuak eredu honen «ondorio» direla azaldu du eta pribatizazioarekin zerbitzu sozialentzat dirurik ez dela izango salatu du. «Familiei maileguak eskaini beharrean, etxegabetzeekin jarraituko dute», adierazi du EH Bilduk.

Koalizioak «kutxa publiko eta izaera soziala izango duen ereduaren alde» egingo duela azaldu du, «gure herriaren ahalmen produktiboa indartu eta gure lurraldearen behar sozialei erantzungo dien ereduaren alde», gaineratuz.