NAIZ.INFO
DONOSTIA

San Sebastian egunean Konstituzio plazako balkoian egoteko aukera zabaldu du Donostiako Udalak

Konstituzio plazako eraikinaren lehenengo solairuko 33 balkoi zozketatuko ditu Donostiako Udalak, «orain arte bakar batzuen esku egon den pribilejioa herritarren esku jartzeko».

Konstituzio plazako eraikinaren lehenengo solairuko 33 balkoi zozketatuko ditu Donostiako Udalak lehen aldiz urtarrilaren 19 eta 20ko danborrada ekitaldietarako.

Izen emateko epea datorren astelehenetik, urtarrilaren 7tik, ostiralera, hilaren 11ra egongo da zabalik eta hiru aukera daude horretarako: Udalinfora gerturatuz, www.donostia.org webguneko herritarren postontzian izena emanez edota 010 telefonoaren bidez.

Zozketan parte hartzeko hirian erroldatuta egon behar da eta adin nagusikoa izan behar da. Sarituak hilaren 14an jakingo dira eta telefonoz jakinaraziko zaie.

Zozketan adin tarte ezberdinak eta gizonezko eta emakumezkoen kopuru bera egotea bermatuko da.

Axier Jaka Partaidetzako zinegotziak ekimen honen helburua «orain arte bakar batzuen eskuetan egon den pribilejioa herritarren esku jartzea» dela adierazi du.