Ertzaintzaren «probokazioa» salatu dute euskal taldeen hintxek

Euskal Selekzioa-Bolivia partidan izandako istiluen jatorria Ertzaintzaren «bortizkeria» izan zela adierazi dute Herri Norte, Indar Gorri, Mujika eta Iraultza 1921 hintxen elkarteek. Nolanahi ere, bengalen jaurtiketak ofizialtasunari mesede egiten ez diola argitu dute, eta etorkizunean halakorik ez gertatzeko deia egin.

NAIZ.INFO|BILBO|2013/01/08 18:44|0 iruzkin

Herri Norte, Indar Gorri, Mujika eta Iraultza 1921 futbol zaletuen elkarteek, ohar bateratu baten bitartez, Euskal Selekzioaren eta Boliviaren arteko partidan izandako istiluen inguruko irakurketa plazaratu dute.

Lehenik eta behin, Esaitek antolatutako egitarauaren «arrakasta» azpimarratu dute, eta egun osoan zehar euskal talde ezberdinetako hintxen artean izandako «anaitasuna» nabarmendu.

Beste alde batetik, Ertzaintzak izan zuen jarrera gogor salatu dute. Egunean zehar «zentzurik gabeko identifikazioak eta probokazioak» burutu ondoren, partidan eginiko «neurrigabeko kargak» egin zituztela adierazi dute hintxen elkarteek. 

«Probokazio» haiek izan ziren, adierazi dutenez, sortutako istiluen iturri, eta ez bengalen jaurtiketa.

Nolanahi ere, argi utzi nahi izan dute bengalen jaurtiketak ez diola «gure helburuari, hau da, ofizialtasunari batere laguntzen». «Horregatik ez gaude ados berauei eman zitzaien erabilerarekin eta etorkizunean portaera hau ez errepikatzeko deialdia» egin dute.

Azkenik, ofizialtasunaren alde lanean jarraituko dutela adierazi dute, eta helburu hori gauzatzeko pausoak emateko eskaera egin diete eragile sozial eta politikoei zein norbanakoei.

LOTURAK