NAIZ.INFO
DONOSTIA

Astelehenan hasiko da Zegama-Aizkorri mendi maratoirako izena emateko epea

Maiatzaren 26an egingo den Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren XII. ediziorako izena emateko epea datorren astelehenan, urtarrilak 14, hasi eta otsailaren 1ean bukatuko da.

Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren aurkezpena. (GIPUZKOABERRI.NET)
Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren aurkezpena. (GIPUZKOABERRI.NET)

Gipuzkoako Aldundiko Kiroletako foru zuzendari Asier Sarriegik eta Zegamako alkate Edurne Albizuk gaur aurkeztu dute Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren XII. edizioa, maiatzaren 26an egingo dena.

Sarriegik adierazi duenez, «ia sinestezina da Zegama bezalako herri txiki batean elite mailako nazioarteko proba hau egiten jarraitzea, eta garbi adierazten du Gipuzkoa, txikia izanagatik, handia dela maila altuko kirol probak antolatzen».

Albizuk, bere aldetik, proba ongi atera dadin 300 lagunek «musutruk» egiten duten lana goraipatu du.

International Skyrunning Federation-eko kide den Goio Larrañaga eta Amezti mendi elkarteko zuzendari tekniko Ainhoa Txurrukak, probaren inguruko xehetasunak azaldu dituzte, eta horiek lasterketari buruzko webgunean daudela gaineratu.

Bertan parte hartzeko izena emateko epea datorren astelehenan irekiko da, eta otsailaren 1ean amaitu.