ION TELLERIA
DONOSTIA

Zuzenean jarraitu ahalko da Bilboko manifestazioa NAIZen, hedabideen elkarlanari esker

Larunbaterako Bilbon Herrirak deitu duen manifestazioari neurria zuzenean hartzeko aukera eskainiko du NAIZek. 16.30etatik aurrera Hamaika telebistaren emisioari esker jarraitu ahalko da manifestazioa, Info7 irratiak ekoitzitako saio bereziarekin hasita. Herritarrak ere protagonista izango dira jarraipenean, Herrirak deialdia egin baitu denek kontakizunean parte har dezaten, Twitterren #Herrira hitza baliatuz.

Bilboko udaletxean manifestaziorako azken atxikimenduak aurkeztu zituen atzo Herrirak. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)
Bilboko udaletxean manifestaziorako azken atxikimenduak aurkeztu zituen atzo Herrirak. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)

‘Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea. Euskal presoak Euskal Herrira’ lelopean milaka herritar izango dira larunbatean Bilbon eta bertaratu ezin direnek, edo bertaratu eta manifestazioaren ikuspegi osagarri bat izan nahi dutenek, aukera izango dute NAIZen bitartez ere zuzeneko jarraipena egiteko.

16.30etatik aurrera Hamaika telebistarekin elkarlanean Bilbotik zuzenean eskainiko du NAIZek manifestazioaren berri. 17.15 artean Info7 irratiak ekoitzitako saioa izango da eta bertan hainbat protagonisten iritzia jasoko dute; La Casillan jarriko duen txokotik pasatzekoak dira, besteak beste; Laura Mintegi, EH Bilduko legebiltzarkidea, Ainhoa Etxaide eta Adolfo Muñoz, LAB eta ELA sindikatuetako idazkari nagusiak, preso ohiak ere izango dira eta baita Herrirako ordezkariak ere.

Hortik aurrerakoan irratiz eta telebistaz bi programa berezitu egingo dituzte Info7 irratiak eta Hamaika Telebistak eta biak jarraitu ahalko dira NAIZen. Hamaikak hiru gune berezitutan emango du mobilizazioaren berri. Udaletxean izango dute plato nagusia, antolatzaileek prentsarentzat egokitutako autobusean ere izango dira eta protestaren barnera ere konexioak egingo dituzte.

Twitterren NAIZek eta GARAk ere esfortzu berezia egingo dute. @Naiz_info kontuaren bitartez gure kazetariek igorritako txioak zabalduko ditu eta manifestazioaren ertz guztietan jarriko du ikuspegia modu horretan.

Herri mobilizazioaren laburpena jasoko duen bideoa ere eskainiko die NAIZek erabiltzaileei.

#Herrira eta ‘1000 aurpegi dispertsioaren aurka’

Egungo teknologiak ahalbidetuta, herritarrak ere gertakariaren zuzeneko kontatzaile izango dira. Herrira mugimenduak deialdia egin du, gainera, hala izan dadin. Goizetik hasita Twitter edo bestelako erremintak baliatuz egunaren berri jasotzeko deia egin dute presoen eskubideen aldeko mugimendutik.

Twitterren kasuan #Herrira hitz gakoa proposatu du Herrirak eta goizetik hasita egunaren kontakizuna egiteko eskaria egin du.

Manifestazioaren berri emango duten beste hainbat ekimen ere izango dira, tartean EkinKlik argazkilarien kolektiboak proposatu duena. ‘1.000 aurpegi dispertsioaren aurka’ deialdiarekin sakabanaketa politikaren aurka direnen aurpegia erakutsi nahi dute argazkilari herritarrek. Horretarako 12.00etatik 17.00etara Areatzan eta manifestazioaren ostean udaletxe inguruan bi argazki estudio ezarriko dituzte.

(*Antzeko beste ekimenik ezagutzen baduzu, iruzkin gisa gehitu ahal duzu)