NAIZ.INFO
JAKARTA

Malvinen inguruko Nazio Batuen ebazpena aintzat hartzeko eskatu dio Argentinak Britainia Handiari

Indonesian koinziditu dute Cristina Fernandez Argentinako Gobernu-buruak eta Philip Hammod Britainia Handiko Defentsa ministroak. Egoera baliatuz, Nazio Batuen Erakundeak Malvinen inguruan hartu zuen ebazpena onartzeko eskatu dio Fernandezek Londresi, elkarrizketa bideak zabalduz.

Cristina Fernandez Argentinako lehendakaria, Indonesiara egin duen bidaian. (AFP)
Cristina Fernandez Argentinako lehendakaria, Indonesiara egin duen bidaian. (AFP)

Indonesiako lehendakariarekin izaniko bilera baten ostean eginiko adierazpenetan, Cristina Fernandez Argentinako Gobernu-buruak Malvinen subiranotasunaren inguruan elkarrizketarako bideak irekitzeko eskatu dio Britainia Handiari.

Fernandezen bidaiak Londresko Defentsa ministro den Philip Hammond-ek Indonesiara eginiko bidiarekin koinziditu du.

Nazio Batuen Erakundeak hartutako ebazpen bat izan du ahotan Fernandezek. Erabaki haren arabera, bi estatuak behartuta daude auziari irtenbidea emateko bideak irekitzera.

Londresen jarrera ezkorra dela eta, kexu agertu da Argentinako lehendakaria. «Ebazpenak herrialde indartsuen aldekoak direnean guztiok gaude behartuta hauei men egitera, aldiz, protagonista ez diren herrialdeen aldekoak direnean bazter batean uzten dira».

Era berean, eskerrak eman dizkio Indonesiako Gobernuari, «Malvinen auzian eman digun babesagatik».

Bestalde, Malvinetako Gobernuak bere burujabetzaren inguruko erreferendum bat egingo zuela iragarri zuen.