Naiz.info
Donostia

Josu Martinezek irabazi du Tene Mujika saria, ‘Presoaren betebeharra’ lanagatik

Azken 50 urteetan euskal presoek egin dituzten ihesaldiak edo ihesaldi saiakerak biltzen ditu Josu Martinezek saritutako proiektuan. Urtebete du orain lana ontzeko.

Josu Martinez, artxiboko irudian. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Josu Martinez, artxiboko irudian. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Euskal zinemagile, idazle eta musikari den Josu Martinezek eskuratu du Tene Mujika saria ‘Presoaren betebeharra’ lanagatik. Azken mende erdian euskal presoek egin dituzten ihesaldiak edo ihesaldi saiakerak biltzen ditu bertan.

Henri Charierek ‘Papillon’ liburuan idatzitako esaldi batetik dator izenburua: «Preso ororen lehen betebeharra ihes egitea da». Txikitan irakurritako liburuak lilura piztu zuen Martinezengan.

Bere aburuz, «presoak bere kemen eta irudimen guztia erabili behar du horrelako saialdi batean, eta horrek benetako arte-lan bihurtzen ditu hainbat ihesaldi, guztiongan sinpatia bat-batekoa sortzen duena gainera: abenturazko ekintzagatik, batetik, eta, bestetik, boterearen eskumakila itsusiena diren kartzeleroak barregarri uzten dituelako eta ekintzarik zailena ere posible dela erakusten digulako. Amets egiten jarraitzeko bidea ematen digulako, hitz batean».

Bere lanean, euskal historia laburreko hamar ihesaldi biltzen ditu, batzuk ondo eta besteak gaizki atera zirenak. Tartean daude Jose Mari Sagardui ‘Gatza’k Granadan egin zuen saiakera, Iñaki Pikabeak eta Joseba Sarrionandiak Imanol bafleetan sartuta Martutenen egin zutena, Segoviako ihes ospetsua edo Joxeantonio eta Ismael Berasategi anaiek La Santen egindakoa (bata La Santen zegoela, bestea bisitan joan eta beren tokiak trukatu zituzten).

Urtebete du orain Martinezek lana ondu eta osatzeko eta, ondo bidean, 2014ko udaberrian argitaratuko da.

Azken urteetan zineman hainbat lan egin ditu Martinezek. Azkena, beste lau zuzendarirekin batera osatutako ‘Barrura begiratzeko leihoak’ presoei buruzko dokumentala. Txaber Larreategirekin batera egin zituen baita ere ‘Itsasoaren alaba’ eta ‘Sagarren denbora’.

‘Hitzezko txalupak’ liburua argitaratu zuen iaz, Alfonso Etxegarai deportatuarekin izandako gutun trukean oinarrituta.