NAIZ.INFO
IRUÑEA

Aterpe batean isolaturik zeuden bost erromes erreskatatu dituzte

Astearte arratsaldetik Ibañetako igoeran dagoen aterpe batean isolaturik zeuden bost erromes korear erreskatatu egin dituzte suhiltzaileek. Onik daude.

Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, Izandorreko aterpean, Ibañetako igoeran, zeuden bost erromes korear erreskatatu egin dituzte bart.

Erromesak astearte iluntzean iritsi ziren aterpera. Elurra ari zuen eta atzo goizean larrialdi zerbitzuei deitu zieten laguntza eske, bertatik atera ezin zutela-eta. Ez zuten janaririk ez zuten eta arropa bustia zuten, ezin izan zutelako sua piztu.

Eguraldi kaskarraren ondorioz helikopterorik erabili ezin zenez, Orbaitzetako bizilagun batek traktore batean eraman zituen suhiltzaileak ahal izan zuen tokiraino, eta ondoren oinez jarraitu zuten. Arratsaldeko 16.00ak aldera Izandorreko aterpera iritsi ziren, erromesentzat arropa lehorra, janari eta urarekin.

Suhiltzaileen laguntzarekin oinez jaitsi ziren traktorea zegoen tokiraino eta, 20.00ak aldera, Orreagako aterpera eraman zituzten.