NAIZ.INFO
DONOSTIA

Eguraldi txarraren inguruko alerta guztiak desaktibatu dira

Badirudi eguraldiak atsedena emango digula hurrengo egunetan, azken egunetako euriteen ostean. Denboralearen okerrena pasata, eguraldiarekin zer ikusia zuten alerta guztiak desaktibatu dituzte.

Gasteiz zuri zuri esnatu zen atzo. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Gasteiz zuri zuri esnatu zen atzo. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Denboralearen okerrena pasa da eta pixkanaka egoera bere onera bueltatzen ari da. Haizeak iparretik jo du, baina azken egunetan baino apur bat bareago. Zaparradak ere arinagoak izan dira.

Elurrari dagokionez, egunak aurrera egin ahala elur maila pixkanaka igotzen joan da eta egunaren amaieran 1.400 metro inguruan kokatuko da.

Une hauetan Otzaurteko mendatea da elurra medio itxita dagoen bakarra, nahiz eta beste hainbatetan kateak behar diren.

N-1 errepidea itxita egon da

N-1 errepidea itxi egin dute Agurain parean goizeko 7.20 aldera, Gasteizerako norabidean, zortzi autok istripua izan dutela-eta. Bi lagun arin zauritu dira.

Lur-jausia Etxebarrin

Bizkaian, lur-jausi baten ondorioz errei bat moztu behar izan dute N-634 errepidean, Etxebarri parean, Bilborako norantzan.

Azkoitiko luizia

Gi-3172 errepidean atzo izan zen luiziaren ondorioz inkomunikatuta geratu ziren 40 baserrietako bizilagunak, berriz, basoko pista bat erabili behar dute herrira jaisteko, egoera bere onera etorri arte. Lur orotako ibilgailuak erabili behar dituzte.