@arianekamio
Durango

Bere kargugabetzearen atzean «boterekeria» dagoela argudiatu du Aiert Goenagak

Otsailaren 7an eman zion Gerediaga Elkarteak Aiert Goenagari kargugabetzearen berri. Etxe barrurako lanak egoki egin ez izana eta konfidantza galtzea argudiatu zituzten, baina erabakiaren atzean «boterekeria» dagoela uste du. Kaleratutako oharrean dio berak zintzotasunez jokatu duela eta Azokaren kudeaketa ereduan desadostasunak izan direla.

Aiert Goenaga, artxiboko irudian. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Aiert Goenaga, artxiboko irudian. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Harrabotsa sortzen ari da euskal kultura alorrean Gerediaga Elkarteak Aiert Goenaga zuzendaritza kargutik hartutako erabakia. «Zintzo jokatu ez izana» leporatu zion atzo Gerediagak Goenagari eta arazo ekonomikoak ere ezarri zituen arratsaldean kaleratutako prentsa oharrean.

Zuzendari ohiak beste ohar baten bitartez eman dio eztabaidari erantzuna. Bere lana «zintzoa» izan dela nabarmendu du eta Gerediagaren hitzak gezurtatu ditu.

Otsailaren 7an eman zioten erabakiaren berri, etxe barrurako lanak egoki egin ez zituelako eta beregan konfidantza galdu zutelako.

«Desadostasunaren ondorioz izandako kaleratzea eraso personal batez itxi nahi da», esan du.

Erabakiaren atzean «boterekeria» dago, bere hitzetan. «Euskal kulturgintzaren kate osoak parte hartutako hausnarketa estrategikoak utzitako emaitzek hala eskatzen zutelako bultzatutako eredu parte hartzaile horizontzala eta eredu bertikal zaharkituaren arteko talka da arrazoia».

«Gerediaga Elkartearen zuzendaritzak Azokaren kontrol osoa izatearen sentsazioa berreskuratzeko hartu den erabakia da bera. Hauxe nire egia», dio komunikatuak.

Bere iritziz, euskal kulturgintzak eredu horizontzal eta parte hartzaileak behar ditu, «erabaki guneak oinarrietaraino eramanaz hala behar den kasuetan». «Eredu bizi eta izaera dinamikoa duen agentea izan behar du Azokak eta horretarako kudeaketa ereduak ere bizi eta dinamikoa izan behar du; ez duela 40,30, 20 edo 10 urteko kudeaketa eredua».

Afera ekonomikoari erreparatuz, uste baino galera ekonomiko handiagoak izan direla aipatu zuen atzo Gerediagak eta ardura hori bere gain bota izana salatu du zuzendari ohiak. «Ziur merkatu tendentziek, krisi orokorrak, Gerediaga Elkarteko kudeatzaileak, zein euskal kulturgintzaren inguruan aplikatutako politika desegokiek erantzukizun handiagoa dutela», esan du.

Hala, 2011koa baino aurrekontu murritzagoarekin inoiz baino gehiago egitea lortu dutela adierazi du, eta egitaraurik zabalena lortu dutela nabarmendu.

Nolanahi ere, Azokak dimentsio handiagoa duela ohartarazi du eta Gerediaga Elkartearengan eta Aiert Goenagarengan ez sinisteko deia egin du. «Baina sinistu Durangoko Azokan».