NAIZ.INFO
DONOSTIA

Donostiako Kantu Jirak hamargarren urtemuga ospatzeko ekitaldi berezia antolatu du

Ekimen berezia antolatu dute Donostiako Kantu Jira-ko kideek hilaren 16rako ekimenaren hamargarren urteurrena dela eta. Orotara, hiriko kaleak 900 kantuzalez betetzea espero dute.

Hamar urte dira jada lagun talde bat, hilero-hilero, Donostiako Parte Zaharreko kaleak kantu kantari zeharkatzen hasi zela. Urteurren hau tarteko, ekitaldi berezia antolatu dute datorren larunbaterako, hilaren 16rako.

Donostialdeko kantuzaleez gain, beste hainbat herritakoak ere izango dira egun seinalatu horretan, orotara 900 bat lagun bilduz. Abeslariez gain, musikarik ez da faltako. Egun osoko egitaraua osatu dute.

Nerea Txapartegi Donostiako Kultura zinegotziaren esanetan, «giro ederrean» betetzen dira hiriko kaleak hileko hirugarren larunbatean.

Bagera elkarteko eta Donostia Kantuz-eko kide den Joserra Belokik ekimenaren hastapenak gogoratu ditu. «2003ko otsaila-martxoa aldera sortu zen ekimena, une hartan euskaraz geneukan egunkari bakarra itxi zutela eta».

Kantu Jirak gero eta babes zabalagoa dauka donostiarren artean. Hamar urtean 120 saio izan dira eta bataz beste 250 lagunek hartu dute parte.